UNIBERTSITATEA

Selektibitatea ikasleen %97k gainditu dute EHUn

Euskaraz proba egin dutenen artean handiagoa da gainditu dutenen portzentajea: %98,6. Iazkoa baino handiagoa da gainditu dutenen kopurua; %96k gainditu zuten orduan. NUPen zerbait baxuagoa da gainditu dutenen portzentajea, %94,23koa. Euskaldun gehiagok gainditu dute han ere, %96k.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko ekainaren 14a
20:56
Entzun

Gehien-gehienek gainditu dute aurten ere: EHU Euskal Herriko Unibertsitatean selektibitatea egin dutenen %97,05ek gainditu dute proba. Gaur jakinarazi dizkiete notak ikasleei. Aurreko urteetako joera bat aurtengo azterketak ere berretsi du: ikasle euskaldunen artean handiagoa da gainditu dutenen proportzioa, %98,6koa (erdaldunen %94k gainditu dute). 8.397 estudiantek egin zuten azterketa, eta 247 geratu dira bidean. Beste aukera bat izango dute haiek eta Batxilergoa maiatzean bukatu ez zutenek: ezohiko deialdia uztailaren 4an, 5ean eta 6an izango da EHUn.

Datuak eman ditu NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere: %94,23k gainditu dute selektibitatea. D ereduko ikasleen %96k gainditu dute; A eta G eredukoei dagokienez, %93,68k. Iazko datua baino kaskarragoa da gainditutakoena: %94,73koa zen orduan. 2.460 ikasle aurkeztu dira deialdira, eta 142k ez dute gainditu. Bigarren aukera bi aste barru izango dute, hilaren 27an, 28an eta 29an. Batxilergoa gainditu ez zutelako aurkezterik izan ez zutenak ere joan ahalko dira proba horretara.

Aurten Hego Euskal Herriko 12.000 gazte inguruk egin dute unibertsitatera sartzeko hautaproba; erdiek baino gehiagok, euskaraz; Araban, lehen aldiz, ikasle gehiagok egin dute azterketa euskaraz, gazteleraz baino.

Ipar Euskal Herriko ikasleek ekainaren 18 eta 22 artean egingo dute Baxoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.