Hezkuntza

Selektibitatean aukeratzeko era izango dute ikasleek: filosofiako etsamina edo historiakoa

Ikasturte honetan aldaketa zenbait egin beharrekoak ziren, unibertsitaterako hauta proba LOMLOEren irizpideen arabera egokitzeko, eta Hezkuntza Ministerioak gaur jakinarazi ditu egokitzapenak

jarraia233843.jpg
arantxa iraola
2023ko urriaren 11
12:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur jakin da zer asmo dituen Espainiako Hezkuntza Ministerioak ikasturte honetan selektibitatea moldatzeko. Aldaketa handiagoak egin beharko dira gero unibertsitaterako hauta proba LOMLOEren irizpideen arabera egokitzeko, baina ikasturte honetan bertan aldaketa zenbait egin beharrekoak zirelajakina zen, eta gaur jakinarazi ditu Hezkuntza Ministerioak aldaketak. Lehen egokitzapen honetan ez da aparteko aldaketarik espero. Nabarmenena, horra: aukeratzeko era izango dute ikasleek filosofiako edo historiako etsamina egingo duten.

Gainerakoan, azterketa, oro har, igaro ikasturteetan egin izan ohi denaren oso antzekoa izango da ikasturte honen amaieran. Proben iraupena lehengoa izango da, eta egin beharreko azterketa kopuruan ere aldaketarik ez. LOMLOEn Filosofia eta Historia biak dira irakasgai ardatzak, baina ez da selektibitateko proba kopurua handitu nahi izan, eta horregatik emango da bietako bat aukeratzeko era. Selektibitaterako izena ematen dutenean jakinarazi beharko dute ikasleek zein hautatu nahi duten.

Azterketak ekainaren 14a baino lehen egin beharko dira; ezohiko deialdia beranduenera uztailaren 12an egin beharko da, eta apartekoa, berriz, irailaren 13an.

Behin Espainiako Gobernua osatuta, haren eginkizuna izango da orain ezarri diren egokitzapenez haragoko aldaketa bat egitea, sakonagoa.

Selektibitatearen bidez, unibertsitatera sartzeko notaren %40 lortzen dute ikasleek; Batxilergoan lortzen duten notaren osagarria izaten da hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.