Sendabidea, gaitz iturri

Intsulina hartzeko orratzak berrerabiltzearen arriskuaz ohartarazi du Espainiako Diabetikoen Federazioak, eta Eusko Jaurlaritzari lankidetza eskatu dio.

Angel Cabrera Fedeko presidentea orratz bat erakusten. RAUL BOGAJO / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2013ko ekainaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Diabetesa duten pertsonen ongizatearen oreka hainbat zutaberen araberakoa da: ohitura osasungarriak, elikagaien kontrola, ariketa fisikoa, nork bere buruaren analisia, eta, kasu batzuetan, intsulina era egokian hartzeko teknikak erabiltzea. Ordea, azken oinarri hori kolokan dagoela sumatu du Fede Espainiako Diabetikoen Federakzioak, eta gaixoen ongizatea arriskuan jartzen duela. Intsulina hartzeko erabiltzen den orratza berrerabiltzen dela ohartarazi du, osasun zerbitzuek behar beste baliabide ematen ez dituelako.

Intsulina hartzeko teknikan gaixoak ardura duela gogorarazi du Fedek, haren esku baitago modu egokian hartzea. Dena den, teknika irakatsi eta baliabide egokiak eskaintzea osasun sistema publikoaren ardura da. Osakidetzak, ordea, ez du halakorik egiten, Federen arabera. Angel Cabrera Fedeko presidenteak jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 144.000 diabetiko inguru daudela eta horietatik 35.000k intsulina behar dutela egunero. Batez beste, 2,2 dosi hartu behar dituzte egunero; hau da, 66 orratz behar lituzkete hilean, intsulina era egokian hartzeko. Osakidetzak 54 inguru baino ez dituela ematen azaldu du Cabrerak.

Orratzak egiten dituzten enpresek kutxetan bertan zehazten dute ezin direla orratz horiek bitan erabili. Horrek eragin ditzakeen kalteak asko direla gogorarazi du Cabrerak. Erabilera baten ostean esterilizatuta egoteari uzten dio, eta infekzio iturri izan daiteke. Horrez gain, behin erabilita orratza okertzen hasten da, eta azalean markak uzteko edo gorputz barruan apurtzeko arriskua handitzen da.

Ordea, arazo larrienetako batek dosiarekin zerikusia du. Behin baino gehiagotan erabilitako orratz batek galarazi dezake gaixoak behar duen intsulina dosia jasotzea, zuloa estalia duelako, airea sartu delako edo botika barruan kristalizatu delako. Dosi egokia ez jasotzeak motzera zein luzera begira kalteak eragin ditzakeela ohartarazi du.

Auzitara joatea, mahaian

Fedeko eta Euskadiko Diabetikoen Elkarteko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunekin biltzen saiatu badira ere, erantzun «lausoa» jaso dutela nabarmendu dute. Ados jartzen saiatuko direla azaldu dute, baina osasun arduradunen erantzuna jaso ezean auzitara joko dutela iragarri du Cabrerak. Hain zuzen ere, orratzak berrerabiltzeko ohitura legez debekatuta dagoela esan du.

Eta medikuarengana doazenei intsulina dosi bakoitzeko orratz bana eskatzeko aholkatu die; hori ukatuko baliete, zergatia idatziz eskatzeko gomendatu die. Lortuko ez balute, erreklamazio bat egiteko eskatu die, osasun erregistroan aurkezteko, eta kopia bat diabetikoen elkartera eramateko. «Diabetesa dugunon osasuna kolokan jartzen duten praxien kontra egin behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.