Senideen agurra, hiru hilabeteren ostean

Andoainen etxekideak hil zuen Moses Kargboren emaztea eta seme-alabak Donostian izan dira gorpua hilobiratzean. Herritarrek dirua jarrita lortu dute ekartzea, baina oztopo handiekin; bidean atxilotuta egon dira. Orain, aita eta senarra gabe, diru baliabiderik gabe daude.

Moses Kargboren emaztea eta semea, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Hiru hilabete joan dira ia Moses Kargbo hil zutela. Etxekideak hil zuen, Andoainen, Gipuzkoan, liskar baten ostean. Familiarik ez zuen Euskal Herrian; senideak Sierra Leonan utzi, eta hamabost urtean atzerrian aritu zen lanean, familia aurrera ateratzeko. Hiru hilabetean Donostiako gorputegian eduki dute haren hilotza. Emazteak eta seme-alabek Kargbo agurtzeko modua izan arte egon dira zain, epeak luzatu eta luzatu. Arrats elkartea aritu da lanean senideak ekartzeko, Kargboren lagunekin batera. «Traba asko izan ditugu», azaldu du Joxe Mari Larrañaga Arrats elkarteko kideak. Azkenean lortu dute, ordea: atzo hobiratu zuten gorpua, Donostian, emaztea eta bi seme-alabak han zirela.

Familiakorik ez, eta gorpuaren kargu nor egingo zen ez zegoen argi. Diru asko behar da hilotza jatorrizko herrialdera bueltatzeko, Sierra Leonara. Hori baztertuta, Kargboren senideak hilobiratzera ekartzen jarri dituzte indarrak. Laguntza eske hasi ziren. «Zerbait jasotzea espero genuen, baina horrelakorik ez: 10.000 euro lortu ditugu guztira», azaldu du Larrañagak, pozik. Herritarren dirua izan da batik bat; Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako eta Andoaingo udalek ere lagundu dute.

Laguntza lortu bai, baina erakundeek oztopo handiak jarri dizkiete. Espainiako Gobernuak ez zien bisaturik eman nahi izan senideei. «Konpromiso bat eskatu digute: etorri bai, baina Sierra Leonara bueltatuko direla. Ander Rodriguez diputatuari konpromiso pertsonal bat ere eskatu diote».

Bidaia luzea eginda, orain bi egun iritsi ziren senideak Loiuko aireportura. «Oso galduta daude. Bidaia luzea izan da, eta gogorra. Bruselan atxilotu egin dituzte. Beldurrez egon gara azken egunera arte, bueltatu egingo ote zituzten», esan du Larrañagak. Euskal Herritik agiriak bidali behar izan zituzten Bruselara, etortzeko baimena bazeukatela baieztatzeko.

Familia, aurrera egin ezinda

Hogei bat lagun batu ziren Polloeko hilerrian atzo goizean. Sinestuna zen Kargbo, eta apaiz batek zuzendu zuen ekitaldia. Haren ibilerak kontatu zituen lehenbizi, nola Kanaria uharteetara joan zen Afrikatik, eta handik Euskal Herrira iritsi zen. Negar zotinka entzun zituzten apaizaren azalpenak eta errezoak emazteak, 23 urteko semeak eta 21 urteko alabak.

Familiaren zutabea galdu dute, eta aurrera egiteko arazoak izango dituzte. «Dirua bidaltzen zuena hil egin da, eta beste senideek kalera bota dituzte. Etxe batean laga dituzte, ezer gabe», azaldu du Larrañagak. «Hona ere hala etorri dira, jantzitako arroparekin soilik». Laguntzaren bat bideratu nahi diete orain. «Alargun pentsioren bat edo badagokien jakin nahi dugu». Ez dute espero hilketagatik kalte-ordainik ematerik.

Datozen egunak Euskal Herrian igaroko dituzte, auzitegiko paperak-eta konpontzen. Gaur, arratsean, hileta elizkizuna dute: Loiola auzoko elizan, 19:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.