El Mundo Espainiako egunkariak Maria Servini epaile argentinarrari egindako elkarrizketa argitaratu du gaur. Servinik dio litekeena dela gizateriaren kontrako krimenak egon izana frankismo garaian. "Lekukoekin hitz egin ahala konturatzen naiz benetan litekeena dela Espainian gizateriaren kontrako krimenak egon izana". Servini da orain dela bi aste frankismoko hainbat kargudun atxilotu eta Argentinara estraditatzeko eskatu zuen epailea: "Lekukotzak entzuten ari naiz oraindik, eta estraditatzeko eskatu ditugunak ikertu nahi ditugu", esan du auzi horren inguruan.
Espainiako Justizia ministroak atzo aurreratu zuen ez dituztela estraditatuko Rodolfo Martin Villa eta enparauak, nahiz eta Interpolek berak eskatu duen atxilotzeko. Servini garbi mintzo da Espainiaren jarreraz: "Argentinak Espainiarekin sinatua duen nazioarteko akordioetan garbi zehazten da gizateriaren kontrako krimenekin ez dagoela amnistia legerik eta ez dutela preskribatzen. Latinoamerikako hainbat herrialderekin, Frantziarekin eta beste herrialde batzuekin sinatutakori bizkarra ematen ari zaio Espainia".
Elkarrizketan Servinik zehaztu du justizia unibertsala dagoela herrialde batean gizateriaren aurkako krimenak daudenean epaitzeko. Eta Argentinaren kasua aipatu du: "Hemen Argentinan ere bazegoen Amnistia Lege bat, baina Gorenak konstituzionaren kontrakoa zela ebatzi zuen, eta guk ikertu ahal izan genituen diktaduran aritu ziren militarrak. Espainian Amnistia Legea dago oraindik. Ez dakit epaileek erabaki dezaketen konstituzioaren aurkakoa dela giza eskubideak urratzen dituelako".