Politika

Setien: "Herri honek erabakitzeko eskubidea du, hori ez dago ukatzerik"

"Arazo politikoa" dagoela iritzi dio Donostiako gotzain emerituak, eta, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan esan duenez, "beharrezkoa" iruditzen zaio "ETAren arazoa eta Euskal Herriaren normalizazioa bereiztea".

2007ko urriaren 30a
18:48
Entzun
Jose Maria Setien Donostiako gotzain emerituak uste du "herri honek erabakitzeko eskubidea" daukala, "hori ez dago ukatzerik". Hala adierazi du gaur arratsaldean Euskadi Irratian, Mezularia saioan egin dioten elkarrizketan, Setien. Un obispo vasco ante ETA (Setien. Euskal gotzain bat ETAren aurrean) liburua idatzi duela-eta. "Berezko eskubidea da herriari zer nahi duen galdetzea".

Euskal Herriaren eta Espainiaren artean "arazo politikoa" dagoela iritzi dio, eta "beharrezkoa" iruditzen zaio "ETAren arazoa eta Euskal Herriaren normalizazioa bereiztea". Haren ustez, "biak ez dira nahastu behar. Elkarrizketa eta akordio politikoak beharrezkoak dira, bide politikoak segituz eta baldintzarik jarri gabe. Baina ETA tartean badago, ezinezkoa da hori".

Arazoa "benetan konpondu" egin behar dela esan du, "baina ez pentsatuz bakarrik euskal abertzaleak direnik abertzaleak, espainiar abertzaleak ere badirelako". Gizartearen aniztasuna hartu behar da kontuan, hark iritzi dionez.

Azkeneko bake prozesuak porrot egin duen arren, "etsipen hutsean ezin" dela gelditu adierazi du Setienek, eta "pertsonen giza eskubideak eta eskubide kolektiboak zaindu" egin behar direla. Zaintzen badira, "gero eta errazagoa izango da ETAri bakean uzteko esatea".

Horretarako guztirako, baloreen garrantzia nabarmendu du: "Egia, askatasuna, justizia eta maitasuna dira balore horiek".

"Abertzalea al da Setien?", galdetu dio kazetariak. "Euskalduna naiz ni", erantzun du. Eta polemikoa? "Niretzat garrantzitsuena neure buruarekin bakean egotea da. Hala, erraza da besteekin bakean bizitzea". Eta Elizak politikan sartu behar al du? "Ezin dio gatazka politikoari bizkarra eman. Horregatik idazten dut".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.