Sexu abusuen epaiketa bat errepikatzeko agindu dute, epaian «inkoherentziak» daudelako

EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren sententzia. Seme adingabeari sexu abusuak egiteaz errugabetu zuten gizon bat.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusia, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
EAEko Justizia Auzitegi Nagusia, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2024ko martxoaren 21a
16:17
Entzun

Adingabe bati sexu abusuak egiteaz errugabetzat jotako gizon bat berriz epaitu beharko dute Bizkaian, Probintzia Auzitegiak emandako epaian «akatsak eta inkoherentziak» daudelako. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak utzi du bertan behera sententzia hori, eta agindu du epaiketa errepikatzeko, beste magistratu batzuekin; Iñaki Subijana auzitegiko presidentea da ebazpenaren sinatzaileetako bat. Halakoetan tentuz jokatzera ere deitu du, «jokoan baita adingabe zaurgarri baten etorkizuna».

2021ean izandako eraso bat epaitu zuen Bizkaiko Probintzia Auzitegiak iaz: semeari sexu abusuak egitea leporatu zioten gizon bati, eta errugabetzat jo zuten. EAEko auzitegiaren arabera, frogatutako ekintzak eta epaian jasotako arrazoibide juridikoak ez datoz bat. Esate baterako, Bizkaiko auzitegiaren sententziak dio salatutako erasoak urriaren 15ean gertatu zirela, baina salaketa hilaren 5ean jarri zela; daten inguruko akats hori fiskalaren txostenetik «zuzenean kopiatuta» egin zuten epaileek, eta auzitegi nagusiak propio deitoratu du halako testuetan «kopiatu-itsatsi» egitea. Gainera, epaiak ez ditu frogatutzat jo hainbat egitate, baina arrazoibide juridikoetan adierazten du akusatuak onartu egin zituela; «ageriko inkoherentzia bat» da hori, auzitegi nagusiaren arabera.

Bi urteko zigorra Nafarroan

Nafarroako Probintzia Auzitegiak bi urteko zigorra ezarri dio 48 urteko gizon bati, hainbatetan ukituak egiteagatik etxean logela bat alokatua zioten bi emakumeri. Epaiak jaso duenez, 2022ko abenduan alokatu zien logela, Iruñean, eta urtarrilean hasi zen erasoekin: andreekin bakarrik geratzen saiatzen zen, eta orduan ukituak egiten zizkien eta musu ematen saiatzen zen.

Biktimak bi ahizpa dira, Perukoak jatorriz; erasoak izan ziren garaian, ez zeukaten paperik, ezta baliabide ekonomikorik ere, eta auzitegiak uste du gizonak zaurgarritasun egoera hori baliatu zuela abusuok egiteko. Akusatuak aitortu egin du egindakoa, eta, fiskaltzarekin erdietsitako akordio baten ondorioz, urtebeteko bi zigor onartu ditu, sexu eraso jarraituen bi deliturengatik. Gizonak ez du kartzelara joan beharko beste deliturik egiten ez badu bi urtean, baina zaintzapean egongo da hiru urtez.

Era berean, erasotzailea ezingo da biktimengana hurbildu lau urtez, eta 500 euroko kalte ordaina eman beharko dio emakume bakoitzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.