Sexu askapenaren alde eta mozketen aurka elkartzera deitu dute biharko

Manifestaldiak egingo dituzte bihar Iruñean, Bilbon eta Donostian, sexu askapenaren eguna ospatzeko

Bilbon bihar egingo duten manifestazioa aurkeztu zuen, atzo, E-28 plataformak . JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Indarkeria sexistaren eta murrizketen «jite atzerakoiaren» aurka protesta egingo dute esparru ugaritako gizarte eragileek bihar, Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunean. Elkarteek hainbat egitasmo antolatu dituzte eguna ospatzeko; besteak beste, manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Iruñean.

Bilbon, atzo aurkeztu zuten biharko egitaraua; manifestaldia 20:00etan aterako da Moyua plazatik; ondoren kalejira egingo dute Zazpikaleetatik, banda feministek lagunduta. MDMA Lesbiana Taldeko kide Leire Gomezek gogora ekarri zuen azken urtean eraso homofobo ugari gertatu direla Bilbon. Iazko Aste Nagusian salaketa bat baino gehiago izan zen, eta, orain bi hilabete, lesbianen ikusgarritasuna aldarrikatzen ari zen emakume talde bati eraso zion gizon batek Zazpikaleetan.

Bizkaiko hiriburuan, gainera, beste arazo bat dutela nabarmendu zuen: «Espazio publikoari buruzko ordenantzak armairuan sartzen gaitu». 2010ean onartutako arauak «gizalegezkoak ez diren sexu jarduerak» debekatzen zituen, kale jarduera horiek zein ziren zehaztu gabe, eta, hala, ordenantza onartu eta gutxira, udaltzainek elkarri musu ematen ari ziren bi emakumeri ohartarazi zieten aurrerantzean ez zutela halakorik onartuko kalean. «Abiapuntu nahiko larria izan zen guretzat».

Horrekin batera, Espainiatik heldutako adierazpen atzerakoiez mintzatu zen. Botere publikoez gain, Eliza katolikoaren ildoa aipatu zuen: «Edozein gauza esateko gai da, estatuaren baimenarekin». Gomezek «atzerapausoak» antzeman ditu adierazpen publiko horietan.

Murrizketa «basatiei» aurre

Iruñean, agerraldi bat egin zuten herenegun E-28 plataforma osatzen duten elkarteek. Horien artean dira Bilgune Feminista, Hiesaren Aurkako Batzordea, Munduko Medikuak, Kattalingorri, SOS Arrazakeria eta EHGAM, esaterako. Gure gorputzak ez dira murrizten izango da manifestaldiaren leloa, eta bertan kritika egingo diote Nafarroako Gobernuari, lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual eta queer-ekiko duen jarrerarengatik; elkarteen esanetan, Nafarroako administrazio publikoak ez ditu «inoiz» aintzat hartu kolektibo horien eskakizunak. Autobus geltoki zaharretik abiatuko da martxan, 20:00etan.

Hainbat gairen inguruko arreta piztu, eta horien gainean zenbait eskari egingo dituzte Iruñean. Hezkuntzako murrizketa «basatiak» kritikatu dituzte, uste baitute mozketek eragina izango dutela ikasleek sexuaren eta generoaren esparruan jasoko duten hezkuntzan. Gainera, gogorarazi dute Berriozarko eta Orkoiengo plangintza eta sexu heziketa zentroak itxi dituztela; erabaki horien kontra azaldu dira elkarteak. Horrez gain, sexu nortasuna dela-eta ihes egindako etorkinei asilo eskubidea aitortzeko eskatu dute.

Sexu nortasunagatik baztertutakoei elkartasuna adierazi zien herenegun Nafarroako Parlamentuak. NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak adierazpen bat aurkeztu zuten, eta PSNk ere aldeko botoa eman zuen. UPNk eta PPNk, aldiz, kontrakoa. Adierazpenean jasotzen denez, Nafarroako Parlamentuak eskatu du transexualitatea gaixotasun psikiatrikotzat jotzeari uzteko.

Donostian, berriz, «heterokapitalismoaren aurka» protesta egitera deitu dute; manifestaldi bat egingo dute 19:30ean, Bulebarretik abiatuta. Izan ere, uste dute «disidente sexualak» zigortuak direla eredu heterosexualera ez egokitzeagatik, eta «zapalkuntza» horrek sistema kapitalistaren laguntza duela, «kapitalari ongizateari baino estatus handiagoa» emateagatik. Hiriburuko udalak ere jakinarazi du bat egingo duela sexu askapenerako egunaren harira egingo duten martxarekin. Gainera, Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen taldeak oroitarazi du OME Osasunaren Mundu Erakundeak 1990. urtean utzi ziola homosexualitatea eritasun gisara jotzeari, eta transexualitatearekin gauza bera egiteko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.