GIZARTEA

Sexu berekoen arteko ezkontzak onartu ditu Parisek

Frantziako Asanblea Nazionalak sexu bereko bikoteei aitortu die ezkontzeko eta adoptatzeko eskubidea, sozialisten, ezkerreko frontekoen eta berdeen botoei esker. 331 boto jaso ditu alde, eta kontra 225.

2013ko apirilaren 23a
17:57
Entzun

François Hollande Frantziako presidentearen ekimenari baiezkoa eman diote gaur Frantziako Asanblea Nazionalean. 331 boto jaso ditu alde, eta 225 boto kontra. Joan den otsailaren 12an onartu zuten lehen aldiz Ezkontza denontzat deituriko legea, zeinak ezkontzeko eta adoptatzeko eskubidea ematen dien bikote gay eta lesbianei. Senatutik igaro ondoren, eta zuzenketa guztiak egin ostean, gaur onartu du azkenean legebiltzarrak. 140 orduz eztabaidatu dute, eta tentsioa handia izan da.

UMP alderdiak Batzorde Konstituzionalean helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du. Legea indarrean sartu aurretik eman beharko du erabakia Konstituzionalak, datozen asteotan.

Bozketa hasi aurretik Asanblea Nazionaleko presidente Claude Bartolomek jendeari gonbidatuen eserlekuak uzteko agindu dio, legearen kontra egindako oihuengatik. "Demokraziaren etsaiek ez dute zereginik legebiltzarrean", argudiatu du. Bozketaren ondoren, eskuineko ordezkari gehienek asanblea utzi dute, eta ezkerrekoek, berriz, txaloka hartu dute erabakia, "berdintasuna, berdintasuna" oihu eginez.

Legebiltzarraren barruko giroa kanpokoaren isla izan da. Aldekoak zein kontrakoak kontzentratu dira kanpoaldean, Polizia hesi batek bereizita. Legearen prozesu osoak eskuinekoen protesta asko eragin ditu, egunero, azkenaldian, eta ez dira falta izan politikarien kontrako ekintzak ere, besteak beste, atzo bolbora eskutitz bat jaso zuen Asanbleako presidenteak, eta hainbat ministroren etxeei ere eraso diete.

Frantziako Legebiltzarra hamalaugarrena izan da sexu berekoen ezkontza baimentzen. Herbehereak, Belgika, Kanada, Espainia, Hegoafrika, Norvegia, Suedia, Portugal, Islandia, Argentina, Danimarka, Uruguai eta Zelanda Berrian eskubidea onartuta dute. Azken bi herri horietan udan sartuko da indarrean legea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.