Sexu indarkeriaren biktimentzako zentroetako bat martxan jarri du Bizkaiko Aldundiak

Bi zentrotan emango dute arreta: «larrialdi egoeretan» arituko da bat, eta, horiek pasatuta, «biktimak lehengoratzea» sustatuko du besteak. Bortxa sexuala jasan duten andreei arta «integrala» ematea dute helburu.

KRISI ZENTROAK
Teresa Laespada Bizkaiko Berdintasun diputatua, gaur, zentroen berri emateko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko urtarrilaren 19a
15:20
Entzun

Sexu indarkeria jasaten duten emakumeei arreta integrala emateko bi zentro zabalduko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Teresa Laespada Berdintasunerako diputatuak gaur azaldu duenez, zentroetako batek «krisi eta larrialdi egoeretan» artatuko ditu andreak, egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez, presentzialki, telefonoz zein online; hori jada martxan da abenduaren 15etik, baina ez dute esan non dagoen, «erabiltzaileen babesa eta intimitatea bermatzeko». Beste zentroa Bilbon egongo da, Ledesma kalean, eta uda amaitu baino lehen abiatzea espero dute; «arreta arrunta» emango dute bertan, behin egoerarik larrienak gaindituta. «Bortizkeria desagerraraztea dugu helburu, baina gertatzen denean, biktimak babesteko, laguntzeko eta osatzeko lan egin behar dugu», adierazi du diputatuak.

Istanbulgo hitzarmenari jarraikiz eta soilik baietz da baietz legeak behartuta ari dira krisi zentro deiturikoak eratzen. Bortizkeria sexualaren biktimei arreta osoa emate aldera, Hego Euskal Herriko probintzia guztietan zabaldu behar dute halako zentro bat. Laespadak esplikatu du Bizkaian «hausnarketa kolektibo bat» egin dutela biktimekin lan egiten duten langileekin, eragileekin eta adituekin, zentroa nola diseinatu aztertzeko: «Haiek proposatu dutenari erantzuten dio Bizkaiko arreta ereduak». Horregatik erabaki dute arreta hori bi zentroren bidez ematea.

Hala, krisi egoeretan arreta ematen ari den zentroan, biktimei eskaintzen diete aurrez aurreko laguntza —baita osasun edo polizia etxeetara joateko ere, doako garraioa barne—, arreta psikologikoa eta aholkularitza juridikoa, eta premiarik bada, andreei aldi batez ostatu emateko ere prestatuta dago. Berdintasun diputatuak zehaztu du gainerako arreta zerbitzuekin koordinatuta egongo dela zentroa, bortizkeriaren biktimak bertara bideratu ditzaten, baina emakumeak euren kabuz ere jo dezaketela, bai telefonoz (900 840 977), bai posta elektronikoz ([email protected]), zein webgunearen bidez.

274

2022ko biktimizazioak Bizkaian. 2022. urtean sexu askatasunaren aurkako 274 biktimizazio izan ziren Bizkaian, aurreko urtean baino %22,3 gehiago, eta 2016an zenbatutakoak halako bi. 2023an, berriz, urtarriletik azarora jada nabarmen gainditu zen 2022ko biktimizazio kopurua: 291. Goranzko joera horrekin kezkatuta agertu da Teresa Laespada diputatua. Haren aburuz, salaketak areagotzen ari dira, «lehen erasotzat ez genuena orain bortizkeria gisa identifikatzen dugulako», baina, gainera, eraso gehiago ere badirela uste du, «sexu harremanak txarto ulertzen direlako, besteak beste, gazteek pornografiaren bidez sexu harremantzat hartzen dutelako hala ez dena».

Udan Bilbon irekiko duten zentroan, berriz, «biktimen lehengoratze integrala» sustatuko dute. Besteak beste, informazioa, aholkularitza eta arreta sozial, juridiko zein psikologikoa eskainiko dute. «Kontua ez da soilik krisi egoeretarako arreta zentro bat irekitzea, guztiz beharrezkoa izanik ere; indarkeria sexualaren ondorioen aurkako estrategia diseinatu nahi dugu, emakume kaltetuek bizitako esperientzia traumatiko horien ondoren euren bizitzekin jarraitu ahal izan dezaten», adierazi du Laespadak.

Zentroetako erabiltzaile izan daitezke sexu indarkeria jasan duten emakumeak —baita adingabeak ere, Bizkaian Barnahus etxea abiatu bitartean— eta haien senideak zein lagunak, baita biktimekin lan egiten dutenak ere. Diputatuak nabarmendu du andreei ez zaiela eskatuko salaketarik, eta paperik edota erroldarik ez dutenek ere balia dezaketela zerbitzua.

«Indarkeria sexualaren ondorioen aurkako estrategia diseinatu nahi dugu, emakume kaltetuek bizitzako esperientzia traumatiko horren ondoren euren bizitzekin jarraitu ahal izan dezaten».

TERESA LAESPADABizkaiko Berdintasunerako diputatua

Egitasmook martxan jartzeko 2,5 milioi euroko inbertsioa egin du Bizkaiko Diputazioak 2021etik. Eta krisi egoeretarako zentroa hasi da lehen datuak ematen. Abenduaren 15ean martxan jarri zutenetik, herritarrek haren berri ez izan arren, hamazortzi dei jaso dituzte, hiru pertsonek eskatu dute arreta eta bi lagunekin egin dituzte esku hartzeak. Oraingoz, zazpi lagun daude bertan lanean: hiru gizarte langile, bi hezitzaile, abokatu bat eta psikologo bat.

Nafarroan, laster; eta Gipuzkoan, hiru zentro

Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ere ari dira halako krisi zentroak prestatzen. Nafarroako Gobernuak dauka egitasmoa aurreratuen: udaberrian zabaltzea espero dute. Zentroa Iruñean egongo da, Arrotxapea auzoan, Xabier Mina kalean. Iragarri dute «arreta integrala eta espezializatua» emango duela «diziplina anitzeko talde batek», egunero eta 24 orduz, eta bertara joan daitezkeela sexu indarkeria orain zein iraganean jasan duten emakumeek, «salaketa jarri ala ez».

Gipuzkoan, berriz, 24 orduko hiru zentro abiatzeko asmoa du diputazioak, «lurralde oreka eta gertutasuna mantentzeko»: baliabide nagusia Donostian egongo da, eta beste bi zentro izango dira, bat Arrasaten eta bestea Goierrin. Horietako bitan jada hastear daude egokitzapen lanak, eta hirugarrena eskuratzeko lanean ari da aldundia. Araban ere, zentro bat prestatzen ari dira aurten zabaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.