Aralarren ekimenez, Eusko Jaurlaritzari ikasleak sexuen arabera banatzen dituzten eskolekin itunik ez sinatzeko eta egun dauden itunak ez berritzeko eskatzeko proposamena bozkatu zuten atzo Eusko Legebiltzarrean, baina ez zuten onartu. Diru publikoa jasotzen jarraituko dute ikastetxe klase horiek. Aitzitik, EAJk eta PPk osoko zuzenketa aurkeztu zuten, eta bi alderdi horien aldeko botoarekin onartu egin zen. PSE-EE eta EA abstenitu egin ziren, eta Aralarrek, Ezker Batuak eta UPDk aurka bozkatu zuten. Azkenean, bada, Eusko Legebiltzarrak heziketa eredu hau diruz laguntzen jarraitzeko apustua egin du. Hezkuntza Sailari «indarrean dagoen araudia betetzen jarraitzeko» eskatu dio Eusko Legebiltzarrak, «hezkuntza askatasuna eta ikastetxeek eskaintzen dituzten heziketa proiektuak bermatzeko».
Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak salatu du ikastetxe hauek «Hezkuntza Legearen aurkakoak» direla. Izan ere, gogorarazi duenez, «ikasleak ezin direla sexuagatik bereizi dio» lege horrek. Espainiako Auzitegi Gorenak itun hauen aurka emandako epaiari aipamen egin dio, bere argudioak indartzeko. Eskolak, ezagutzak irakasteko ez ezik, «herritarrak errespetuan hezteko» zeregina ere baduela ohartarazi du Aralarreko legebiltzarkideak.
Ezker Batuko Mikel Aranak ere bat egin du horretan. Haren esanetan, «eskolak balioak irakatsi behar ditu; besteak beste, sexuen arteko berdintasuna». Hala, modu honetako ikastetxeak babesten jarraituz gero «berdintasun planak alferrikakoak direla» uste du. EAko Juanjo Agirrezabalak gogorarazi du ikastetxe hauekin itunik ez sinatzeko dioela Espainiako Berdintasun Legearen aurreproiektuak.
Diskriminazioa zalantzan
PSE-EEko legebiltzarkide Vicente Reyesek ez du uste, ordea, eztabaida hori kalean dagoenik. Espainiako Auzitegi Gorena auzi honi lotutako hainbat helegite aztertzen ari dela gogorarazi du, eta epaiak jakin arte ezer ez egitearen alde azaldu da. «[Espainiako] Konstituzioak modu honetako irakaskuntza babesten du,baina ez dio diruz lagundu behar denik». Jone Berriozabal legebiltzarkide jeltzaleak, berriz, diru laguntzak jasotzeko eskubidea dutela uste du. «Diskriminaziorik balego, itxi egin beharko lirateke, eta ez laguntzak kendu». PPko Iñaki Oiartzabalek ukatu du zentro hauei laguntzak kentzeko «oinarri juridiko eta pedagogikorik» dagoela.
Sexuak bereizita diharduten eskolei laguntzen segitzea onartu dute
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du bereizketa egiten duten zentroei diru laguntzak kentzeko proposamena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu