Sidenorrek ez dio altzairurik salduko Israeli, saldu egiten ziola azaleratu eta gero

1.200 tona inguru bidali ditu iazko abuztutik. BDSk, ELAk, LABek eta ESK-k salatu dute egunotan Sidenorrek altzairua saltzen ziela Israelgo armagileei.

Sidenorren Basauriko (Gipuzkoa) lantegia. ESPAINIAKO GARRAIO MINISTERIOA
Sidenorren Basauriko (Gipuzkoa) lantegia. ESPAINIAKO GARRAIO MINISTERIOA
jakes goikoetxea
2025eko uztailaren 1a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Espainiako Gobernuak apirilean Israeli egindako salmenta kontratuak bertan behera uztea erabaki eta gero, Sidenorrek ere erabaki du herrialde horri altzairurik ez saltzea». Esaldi horrekin jakinarazi du gaur Sidenor siderurgia enpresak eten egin dituela Israelgo enpresekin dituen harreman komertzialak. Enpresak Espainiako Gobernuaren erabakiaren ondorio gisa aipatu du berea, baina BDS Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak taldeak eta ELA, LAB eta ESK sindikatuek presioa egin eta gero etorri da. Egunotan, hain zuzen, LABek enpresari eskatu zion argitzeko ea Israelgo enpresei altzairua saltzen dien edo ez. Sidenorrek zehaztu du salmenten %0,5 baino gutxiago egin zizkiola iaz Israeli.  

BDSk, ELAk, LABek eta ESK-k agerraldia egin dute gaur bertan, Sidenorrek erabakia jakinarazi baino lehen, enpresari exijitzeko Israelekin dituen harremanak bertan behera uzteko. Gogoratu dute, Sidenorrek ez ezik, Euskal Herriko beste enpresa eta erakunde batzuek ere harreman komertzialak dituztela Israelgo erakundeekin eta enpresekin: CAF tren arin bat egiten ari da Jerusalemen, eta Metro Bilbaok kontratua sinatu zuen Israelgo I-SEC Aviation Security segurtasun enpresarekin.

Sidenorren erabakiaren berri izan eta gero, LABek nabarmendu du Euskal Herrian Palestinarekiko dagoen elkartasunaren «garaipena» izan dela. Hala ere, enpresari ohartarazi dio erabakia betetzen duela zainduko duela. Confebask Euskal Enpresarien Konfederazioari eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoari eskatu die bertan behera utz dezatela «Israelgo gerra makineriarekin duten lankidetza oro».

Irlandako The Ditch komunikabideak argitaratu zuen Sidenorrek iazko abuztutik gutxienez hiru altzairu karga bidali dituela Israelera, Haifako portutik. 1.200 tona inguru guztira. The Ditch-en arabera, altzairua IMI Systems armagile israeldarrarentzat zen. BDSk, ELAk, LABek eta ESK-k zehaztu dute enpresa hori Israelgo sektore militarreko garrantzitsuenetakoa dela, eta suzko armak eta munizioa ematen dizkiela bai Israelgo armadari bai munduko beste armada eta polizia batzuei ere.

Nazioarteko legedia

Palestinaren genozidioa laguntzea eta nazioarteko krimenak laguntzea egotzi diote Sidenorri. Baita nazioarteko zuzenbidea urratzea ere Israeli altzairua saltzeagatik. «NBEko legeen eta giza eskubideen arloko aditu nabarmenak bat datoz», azaldu dute gaur. «Nazioarteko zuzenbidea urratzea da material militarra apartheida eta legez kanpoko okupazio sistema ezartzen duen estatu batera eramatea». Gogoratu dute Israel genozidioa egiten ari dela Palestinan, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren arabera.

«Nazioarteko krimenetan parte hartzen dute jakinaren gainean material horiek bidaltzea baimentzen dutenek edo horietan parte hartzen duten estatuek eta enpresek», salatu dute. BDSk gaitzetsi egin du Euskal Herriko enpresek «Palestinako herriaren okupazioan, apartheidean eta genozidioan lagundu izana».

Zama Bartzelonan

The Ditch-ek ekainean argitaratu zuen Sidenor altzairu gehiago bidaltzear zela Bartzelonatik Israelera. 122 altzairu barra bidali behar zituen gaur Haifako portura, Zim Luanda itsasontzian. Altzairua IMI Systems enpresarentzat da. Sidenorrek ez du argitu ea altzairu zama hori bidali duten edo ez.

En Comu Podem alderdiak Espainiako Gobernuari eskatu zion Zim Luanda itsasontziari debekatzeko Bartzelonako portuan amarratzea, Sidenorren altzairua eraman behar ziolako IMI Systems armagile israeldarrari. ERCk, En Comu Podemek eta CUPek eskaera horixe egin zioten Kataluniako Gobernuari, parlamentuan. En Comu Podemek gutunak bidali zituen Espainiako Garraio, Ekonomia eta Atzerri ministerioetara. Eskatu zien portuetako arduradunei agindu bat emateko: Israelera material militarra edo haiek egiteko elementuak garraiatzen dituzten itsasontziei geldialdiak egitea debekatzea. 

Bartzelonako Portuak erantzun zien ez duela eskumenik Zim Luanda Bartzelonara iristea eragozteko, kasu batzuetan salbu: «Osasun publikoari lotutako arriskuak, eta portuko instalazioak eta ingurumena babestea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.