Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko Avenida zubiaren zabaltzea galdegin dute 30 hendaiarrek Pirinio Atlantikoko Prefetari zuzenduriko adierazpen batean. Agorriletik urrira zabalduko da sinadura bilketa. Zubiaren «behin betiko» irekitzea aldarrikatu dute antolatzaileek.
2021az geroztik, hetsia da Avenida zubia, Frantzia eta Espainiaren arteko erabaki administratiboengatik. Uztailaren 3an, Pirinio Atlantikoko prefetak adierazi zuen, ondoko herrietako auzapezen kexari erantzunez, «Parisen eta Madrilen arteko negoziazioak eginez gero irekiko zela Avenida zubia».
Alabaina, salbuespenak salbuespen, uztailaren 3an berean berriz ireki zuten zubia, Frantziako Tourraren karietara. Hortik oren batzuetara, aldiz, berriz hetsi zuten. Sinadura bilketaren antolatzaileen kexa piztu zuen, eta «erabaki administratibo zentzugabea» dela salatu zuten.
Oinezkoen zubiaren «behin betiko» irekitzea aldarrikatzeaz gain, herritar taldeak adierazi du «elkar lotzeko, ibiltzeko eta joan-etorri eztiak garatzeko» balio duela zubiak. Mirari Manterola sinatzaileak azpimarratu du erosketak egiten zituela Irunen, eta orain Santiago zubitik «itzuli osoa» egin behar duela. Haren ustez ere, erabaki «ezin ulertua» da, beste zubi guztiak irekiak dira eta.
Haien aldarrikapenarekin bat egiten duten Hendaiako, Irungo, Hondarribiko eta inguruko herritarren «parte hartze zabala» eskatu dute, sinadura bilketak ahal bezain eragin handia ukan dezan. Herritar taldeak eskatu du eskaera «ahalik eta gehien hedatzea», fotokopia bidez edota online QR kodea zabalduz. Haien eskaera «urrats herrikoi, humanista, baketsu, apolitiko eta akonfesionala» dela adierazi dute.
Urri hastapenera arte ireki dute eskaera sinatzeko epea. Manterolaren erranetan, «jada 200 pertsonak sinatu dute». Izan ere, sinadura bilketak «zabaltze zein eragin handia izanen duela» espero du Manterolak. Behin epea hetsirik, sinadurak Hendaiako auzapezari helaraziko dizkiote, prefeturan aurkez ditzan.