America 66 erregimentu militarraren 250. urtemuga omentzeko Iruñeko Udalak erakusketa bat zabaldu nahi du, hilaren 23an. Horren aurka agertu dira, ordea, udaleko zenbait alderdi, eta baita udaletik kanpoko zenbait talde ere. Ondorioz, sinadura bilketa abiatu dute zenbait herritarrek Iruñeko Udalak erakusketa jarri ez dezan Change.org webgunean. Jada, 22.500 lagunek baino gehiagok sina.
Gaur goizean, gutun bat eskura eman diote Iruñeko alkate Enrique Maiari, erakusketarekiko desadostasuna agertzeko, eta, asteon, 20.000 sinadura baino gehiago ere aurkeztu dituzte udaleko bulegoetan.
Bestalde, Iruñeko Oroimen Historikoaren aldeko erakundeak ere omenaldiaren aurka agertu dira. Hedy Herrero Txinparta erakundeko kideak biktimekiko errespetu faltatzat jo du: "Frogatuta dago emakume ugari bortxatu eta hil zituztela". Teresa Lasheras Balduz udaleko Kultura zuzendariari eta Fermin Alonso Ibarra Hezkuntza eta Kultura zinegotziari gutun bat idatzi diote, erakusketa ez egiteko eskatuz. Arrazoi nagusia, honakoa: Gerrako biktimak "iraintzea" eta Memoria Historikoaren legea "urratzea".
Erakundeak azaldu duenez, erregimentu hori izan zen Emilio Mola matxinatzeko indar nagusia Iruñean, II. Errepublikaren aurka. Nafarroako Brigadatan sartu zen, eta hark, beldur eta heriotza andana eragin zituen Gipuzkoan, Santanderren eta Asturiasen, besteak beste. Milaka lagun hil zituzten 1936ko uztailaren 19tik aurrera. Esaterako, America erregimentua osatzen zutenean Nafarroako Brigadek, 1937an, sarraski bat eragin zuen La Calellada izeneko ospitale psikiatrikoan, Asturiasen.