nafarroa

Sinatu dute

UPNk eta PSNk gaur izenpetu dute Nafarroako Gobernurako akordioa. Yolanda Barcinak uztailaren 1ean hartuko du lehendakari kargua.

2011ko ekainaren 21a
13:17
Entzun 00:00:0000:00:00

UPNk eta PSNk beste pauso bat eman dute harremanak estutze aldera, gaur sinatu baitute Nafarroako Gobernurako akordioa. Iragarria zuten lehengo larunbatetik, eta ofizial da dagoeneko. UPNtik Yolanda Barcina alderdiko presidenteak izenpetu du hitzarmena eta PSNtik Roberto Jimenez idazkari nagusiak.

"Gobernu egonkorra" izango dela adierazi dute biek, eta prest azaldu dira "irizpide demokratikoak" defenditzen dituzten parlamentuko beste taldeekin itunak egiteko.

Etzi egingo dute hurrengo urratsa: Barcina izendatuko dute Nafarroako lehendakari, UPNren eta PSNren 28 parlamentarien botoekin (19 eta 9). Uztailaren 1ean hartuko du kargua, Miguel Sanzi alderdikideari lekukoa hartuta. Kontseilariek hurrengo egunean hartuko dute postua.

UPNk bost departamentu izango ditu: Ekonomia eta Ogasuna; Industria eta Enplegua; Hezkuntza; Osasuna; Landa Garapena, Ingurumena eta Kultura. PSNk hiru: Presidentetza, Justizia eta Barne Saila; Obra Publiko, Azpiegitura, Etxebizitza, Garraio eta Lurralde Antolamendua; eta Gizarte Ongizatea eta Kirolak.

Jimenez izango da gobernuko lehendariordeetako bat. 

Oposizioan geratuko dira NaBaik (8 legebiltzarkide), Bildu (7), PP (4) eta Ezkerra (3).

UPN-PSN akordioko puntu nagusiak

- Eredu instituzionala

•  Foru Hobekuntza. Nafarroako Foru Hobekuntzan eta Espainiako Konstituzioan islatutako egungo esparru instituzionalarekiko erabateko errespetua.

- Ekonomia

• Austeritate fiskala. 2013tik aurrera gehiago ez zorpetzen jarraitzeko konpromisoa. UPNk iragarri du gastu publikoa diru sarreretara egokitu behar dela. Aurten, zor publiko bidez aurrekontuen %6 (288 milioi euro) finantzatu da. Hots, 2013rako, tamaina horretako gastu murrizketa iradoki dute.

• Zerga politika. Iruzurraren aurkako plana; produkzioari pizgarriak eta inbertsioa sustatzeko "aurrezki fiskala".

• Enplegua. "Itun soziala" enpleguaren inguruan. Gazteen eta emakumeen langabezia murrizteko plana; bi hilabeteren buruan langabeek formakuntza planak izatea.

• Egitura ekonomikoa. Moderna planean sakontzea. Enpresen finantzaketarako Agentzia eratzea.

- Gizarte politikak

• Hezkuntza. Ingeleseko eredu elebidunean sakondu. Hezkuntza lege berria. NUPentzat urte anitzeko finantzaketa. Lanbide heziketan aldaketa "merkatuaren beharretara egokitzeko".

• Osasuna. Sistemaren iraunkortasuna bermatu eta legean jasota datozen zerbitzu publiko guztiak «bermatu».

• Kultura. Lurreko telebista digitalaren bidez, ETB ikustea.

- Austeriratea

• Administrazioa. Hautapen libreko karguak %15 murriztuko dira, eta "neurri berean" egitura organikoa: "Gobernuaren langilerian zerbitzuak eta atalak daude, eta goitik behera berrikusi behar da egitura", esan du Barcinak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.