Osasuna. Egituraketa berria Osasunbidean

Sindikatuak, aldaketa sakonago baten alde

ELAk eta LABek argi dute Osasun Departamentuaren organigramako izenak aldatzea ez dela nahikoa osasun sistemak hobera egin dezan; gobernuaren asmoa pribatizazioaren bidean aurrera egitea dela uste dute.

Osasunbideko langileek iaz egindako protesta bat. LANDER FDEZ ARROIABE / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2013ko uztailaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baten tokian bertze bat jartzeak ez du deus konponduko. Horixe uste dute ELA eta LAB sindikatuek. Osasun sistema publikoaren egungo egoera larritzat jo dute, azken garaiko murrizketen eta hartutako neurrien ondorioz. Argi mintzatu dira sindikatuotako kideak. «Gobernuari interesatzen zaio Osasunbidearen egoera gero eta kaskarragoa izatea, horrek arlo pribatuari egiten diolako mesede», erran du ELAko arduradun Ivan Gimenezek. Ildo berean mintzatu da LABeko Alberto Mendilazo: «Osasun sistema publikoa desegiten ari direla erratea gogorregia da, akaso, baina eskaintzen duen zerbitzuaren kalitateak behera egin du nabarmen, zalantzarik gabe».

Nafarroako Osasun Departamentuko hainbat arduradunek dimisioa eman dute azken asteotan. «Horrek agerian uzten du departamentuko buru Marta Vera kontseilariaren proiektuak porrot egin duela». Horixe uste du Gimenezek. Are gehiago, porrota Nafarroako Gobernu osoarena dela erantsi du ELAko kideak. Ondorioz, gobernu osoa aldatzeko beharra dagoela nabarmendu du.

Departamentuaren egitura berria aurkezterakoan, aurreko arduradunek «presio handiarekin» lan egin dutela erran du Nafarroako Gobernuko bozeramaile Juan Luis Sanchez de Muniainek. Ildo horretan, sindikatuek eta herritarrek murrizketen aurka egindako protestek «indarra» izan dutela nabarmendu du Ivan Gimenezek. «Bertze hainbat tokitan ere egin dituzte urratsak osasun zerbitzuak pribatizatzeko, baina oposizioa hemen agerikoagoa izan da», erran du.

Hala ere, argi du egoerak ez duela hobera eginen osasunaren esparruko aurrekontuek gora egiten ez duten bitartean. «Diru gutxiagorekin ez ditugu gauzak konponduko», gaineratu du ELAko kideak.

Eta zer konpondu badela argi du LABeko Alberto Mendilazok. Sukaldeak pribatizatzeko prozesua aipatu du, bai eta Nafarroako Ospitale Gunearen eskutik pediatria eta traumatologia zerbitzuek bat egitekoa ere. «Oheak kendu dituzte, eta lanpostuak galdu dira», salatu du sindikatuko kideak.

Kudeaketa txarra

Laborategietako zerbitzuak bateratzeko egindako urratsek ere huts egin dutela erantsi du Mendilazok. LAB sindikatuak salatu du urtebetez atzeratu dela prozesua, eta, haren ondorioz, lanpostuak galdu direla Osasunbideko esparru horretan ere. Lan baldintzek okerrera egin dutela gaineratu du Mendilazok.

Marta Vera kontseilariaren kudeaketa ez dela batere ona erakusten du egungo egoerak, LABeko arduradunaren ustez. Hori dela eta, Osasun Departamentuak orain arteko bidea bazter utzi beharko lukeela argi du Mendilazok. «Osasun sistema publikoaren alde egin beharko luke gobernuak, arlo publikoan jarri indarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.