ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek bat egin dute Eusko Legebiltzarrean parlamentarien %88k onartutako adierazpenarekin, eta hainbat eskaera egin dizkiete Espainiako Gobernuari eta Espetxe Erakundeei: gaixotasun larriak dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzea eta espetxetik ateratzea ahalbidetzeko "arrazoi humanitarioak eta duintasun pertsonala" direla eta, preso guztien "bizitza, segurtasun eta osasun eskubideen errespetua" babesteko, eta espetxe politika euskal erakundeekin adosteko, besteak beste.
UGTko Raul Arzak irakurri du agiria erdaraz, eta LABeko Garbiñe Aranburuk euskaraz. Agirian, sindikatuek ere konpromisoa hartu dute "abian dauden elkarrizketa bideak sakontzeko".
Agiria Foro Sozialak bultzatuta adostu dute sindikatuek. Foro Sozialeko Agus Hernanek akordioa txalotu du, eta esan du horrek, legebiltzarraren akordioak, EPPK-k hartutako erabakiak eta azkenaldian espetxe zaintzako epaileek hartutako zenbait erabakik erakusten dutela "aurrera egiteko aukera gehiago" dagoela erakundeek eta gizarte zibilak "norabide berean arraun" eginez gero. Berriro egin du eragileen artean elkarrizketa prozesu bat abiarazteko deia: "Aldeko giroa sortua dago, eta orain handira jokatzeko unea da".
CCOOren jarrera
Deigarria izan da CCOOren hutsunea agiria izenpetu dutenen artean. Herranek argitu du "ez dagoena ez etortzeko arrazoiak" ez duela zerikusirik adierazpenaren edukiarekin. CCOOk ere azaldu du "erabateko sintonia eta adostasuna" duela agirian agertzen diren edukiekin, eta beharrezkoa dela gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, baina ez diola egoki irizten "batasun sindikala iradokitzen duten antzezpenetan" parte hartzeari, kontuan izanik "ezinezkoa" izaten dela batasun irudi hori ematea "langileen lan baldintzak hobetzeko garrantzitsuak diren kontuetan".