Bilboko Metroan antolatutako grebak erantzun zabala izan duela adierazi du enpresako greba batzordeak, prentsa ohar baten bidez. Hain zuzen ere, jakinarazi dute beharginen %90ek greba egin dutela. Kopuru hori ez dator bat zuzendaritzak emandakoarekin. Izan ere, enpresaren arabera, oso apala izan da langileek greba deialdiari emandako erantzuna: deituta zeudenen %15,40k bakarrik egin dute bat protestarekin.
ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK sindikatuek babestu zuten enpresako greba batzordeak egindako deialdia; alegia, ordezkatuta dauden sindikatu guztiek, CCOOk izan ezik. Lanuztea 09:45ean hasi zen, eta 12:45ean amaitu. 11:00 aldera, langileek elkarretaratze bat egin zuten Bilboko Metroaren egoitza nagusiaren aurrean, Nafarroa kalean. Besteak beste, Iñaki Prego enpresako kontseilari ordezkariaren aurkako oihuak egin zituzten han elkartutako langileek. Rafael Valencia enpresa batzordeko lehendakariak (ELA) hitz gogorrak egin zituen enpresaren ordezkarien aurka. Besteak beste, akordioak ez errespetatzea eta langileen ordezkariak aintzat ez hartzea aurpegiratu zien. Haren hitzetan, akordio orokorra lortzea dute helburu, «eskaera zehatzen» gainetik. «Demagogiatzat» jo zituen egunotan hainbat ordezkari politikok santomasetako greba deialdiaren aurka egindako adierazpenak. Besteak beste, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak kritikatu dute langileen ekimena. «Ulertzen dugu egun zaila dela, baina enpresako zuzendaritzak ez digu beste biderik utzi. Langileak nekatuta daude inposizioez, eta erantzun bat nahi dugu», adierazi du Valenciak.
ELAko ordezkariak salatu du zuzendaritzak ez dituela bete uztailean iritsitako akordioak, eta kexu agertu da Gabon gauean langileak behartu nahi dituelako lan egitera. Izan ere, 2010eko Gabon gauean lan egiteko hartutako akordioa urte horretarako besterik ez zen, langileen iritziz, eta ezin da aurten ere ezarri. Gainera, Valenciak adierazi zuen gau horretan ez dagoela eskaririk, eta zerbitzua eskaintzea «alferrikako gastua» dela.
Grebarekin bat ez datorren sindikatu bakarrak, CCOOk, ohar baten bidez jakinarazi du bere jarrera. Haren iritziz, santomasetan greba egitea «neurriz kanpokoa» da. Izan ere, ados jartzeko aukera badago, desadostasuna ez delako «gaindiezina».
Eusko Jaurlaritzak aldeak deitu ditu bihar bilera batera, irtenbide bat bilatzeko aukera aztertzeko.
Sindikatuek diote langileen %90ek egin dutela lanuztea metroan
Bilboko Metroaren arabera, oso apala izan da grebaren eragina, eta %15ek bakarrik egin dute bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu