Nafarroako Lurralde Auzitegiaren aurrean egin dute elkarretaratzea sindikatuek, eta Altsasuko gazteen auzia auzitegi horretara itzultzea eskatzeko idazki bat aurkeztu dute erregistroan. "Iruñeko epaitegian gaude gogorarazteko gertakari hauek falta delitu gisa epaitu beharko lituzketela, hemen, ez Madrilgo Auzitegi Nazionalean”, salatu du Mitxel Lakuntza Nafarroako ELAko koordinatzaileak, zazpi sindikatuen izenean.
Nafarroako Lurralde Auzitegiak ere hori adierazi zuela gogorarazi du Iratxe Alvarez ESK-ko bozeramaileak. Izan ere, iaz, auzitegi horrek esan zuen ez zegoela terrorismo delitua leporatzeko zantzurik, eta, hortaz, auzia Nafarroan epaitu beharko litzatekeela.
Bestalde, prozesu osoa hasieratik "zentzugabekeria" izan dela salatu dute sindikatuek, eskatzen dituzten zigorrak "neurriz kanpokoak" direlako, eta auzipetutako gazteetako hiruk hamasei hilabete daramatzatelako espetxeraturik.
Hori dela eta, langileei dei egin diete heldu den larunbateko manifestazioarekin bat egitera —17:30ean abiatuko da, Iruñeko Golem zinematik—. "Gure elkartasuna adierazteko, bai auzipetuta dauden gazteei, baita haien familiei ere", esan du Alvarezek. Era berean, datozen asteetan epaiketaren testuinguruan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko eskatu du.
Elkarretaratzean bildu diren zazpi sindikatuek eta CCOOk ohar bat kaleratu zuten iragan ostiralean, aferaren inguruan duten kezka erakusteko. Bi ideia nagusi azpimarratu zituzten: batetik, auzipetutako gazteen errugabetasun presuntzioa eta bidezko epaiketa izateko eskubidea aldarrikatu zuten. Bestetik, eskatu zuten terrorismo delituaren kalifikazioa kentzeko eta espetxean jarraitzen dutenen aurkako badaezpadako neurriak bertan behera uzteko.