Gurutzeta Ospitaleko sindikatuek ohar bateratu batean salatu dute "jasangaitza" dela erietxeko egoera, eta berehala neurririk hartzen ez badu are gehiago larriagotuko dela. Azaldu dutenez, atzo 13:00ean "kolapso" egoeran zegoen larrialdi gunea: "11 korridoretan zeuden gaixoak, eta anbulantzia asko zeuden gunearen sarreran".
Sindikatuek nabarmendu dute gaur goizeko egoera "sarritan" gertatzen dela: "Hirugarren munduko egoera da. Gaixoei ezin zaie egonaldi duinik eskaini. Gaixoaren intimitatearen eta konfidentzialtasunaren galera eragiten du". "Egiturazko" arazo bat dela diote, ohe gutxiegi daudela.
Oharrean ohartarazi dute baldintza horietan presio psikologiko "handia" jasaten dutela langileek, eta lan karga handiegia dutenez, huts egiteko aukera ere handiagoa dela.