Adoracion Castro. EHUko irakaslea

«Sinesteen autonomia onartzen du estatuak: hein batean»

arantxa iraola
2017ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Estatuko Eliz Zuzenbidea saileko irakaslea da Adoracion Castro. Erlijio askatasunarekin lotutako gaiak ikertzen dituzte, eta, besteak beste, baita Eliza katolikoak gainerako sinesteetan oinarritutako elizen ondoan dituen berezitasunak ere.

Zuzenbide kanonikoa, Eliza katolikoaren berezkoa, zuzenbide paralelo bat dela esan daiteke?

Eliza katolikoaren zuzenbide propioa da. Ez da zuzenbide paralelo bat. Duen berezitasuna da Eliza katolikoari estatu bati emango litzaiokeen aitortza onesten zaiola, eta, ondorioz, nazioarteko itunen izaera dutela harekin hitzartzen diren akordioek. Beraz, estatuak erakunde horrekin duen erlazioa beste estatu batekin lukeenaren parekoa dela esan daiteke. Baina zuzenbide horrek eragina du sinesteareneremuan bakarrik. Elkarte baten estatutuen parekoa dela esan daiteke, eta estatuak onesten duela egoki ikusten duen neurrian. Nolabait, zera da kontua: Eliza katolikoak eta gainerako sinesteek autonomia maila bat dute onetsita, eta estatuak onartu egiten du: hein batean. Salbuespena da eskubideak urratzen direnean.

Eta Gipuzkoan egunotan jakin den abadearen kasuan Eliza ez da isilik geratu eskubide urraketa batzuen aurrean? Egokia da kasu bat bide kanonikotik epaitu, egiazkoa dela ikusi, eta horren berri ez inon ematea?

Hori zigor zuzenbidearen bidez argitu behar da. Nolanahi ere, zigor kodeak ezartzen dituen irizpideek baldintzatuta jardun behar du Eliza katolikoak: duen autonomiak ez dio erarik ematen irizpide horietatik kanpo jarduteko. Ñabardurak badira; esate baterako, egoera aldatzen da Elizako kideek gertaera baten berri izan badute aitortzaren bidez.

Zuzenbide kanonikoan, aldaketak egin dira urteotan sexu abusuen kontra eraginkorrago egiteko. Zein dira, zure ustetan, moldaketarik nabarmenenak? Zer aldaketa ekarri dute Elizak abiatzen dituen prozeduretara?

Benedikto XVI.ak 2010ean egindako aldaketa aipatu beharrekoa da. Besteak beste, ekarri du gotzainek, abusu baten berri izan orduko, ikerketa bat hasi behar izatea. Eta abusua egon daitekeen susmoren bat hartu orduko, kautelazko neurriak hartu behar dituzte, eta ikerketarekin jarraitu behar dute. Aldaketa ekarri du, era berean, adinean: lehen, abusutzat hartzen ziren 16 urtera artekoei egindakoak; orain, 18an dago ipinita muga. Aldaketarekin, babesa eman zaie, orobat, urritasunak dituzten pertsonei. Horrez gain, delitu pedopornografikoak ere aintzat hartu dira; ondorioz, kontaktu fisikoa egotea ez da beharrezkoa delitua egoteko. Aurrerapena izan da hori guztia; eta abusu delituen preskripzioaren igoera: hamar urtetik hogei urtera. Epe hori luzatu ere egin daiteke, Fedearen Doktrinarako Kongregazioak kasuen larritasunagatik hala erabakitzen badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.