Espainiako Fenadismer garraiolarien sindikatuarekin bat eginez, astelehen goizaldetik greba mugagabeari ekitea erabaki du Sintrabi Bizkaiko garraiolarien sindikatuak. Erregaien prezioen igoerak eragiten dien kaltea salatzeko egingo dute lanuztea, egungo prezioekin eta agintariek beren aldeko neurririk hartu ezean diru galerak dituztela iritzita.
Sintrabik erabaki hori hartu duen arren, ikuskizun dago oraindik grebak zenbateko eragina izango duen. Esate baterako, Hiru Euskal Herriko Garraiolarien sindikatuak gaur arratsaldean egingo du batzarra lanuztearekin bat egin edo ez erabakitzeko, baina zuzendaritzak aurreratu du grebaren kontrako jarrera eramango duela batzarrera. Hala ere, kideek bestelako erabakia har dezaketela agertu dute Hiruko buruzagiek.
Espainian Conetrans da garraiolarien sindikatu nagusia eta grebaren kontra dago. Federazio horren Euskal Herriko adarrek -Guitransek (Gipuzkoa), Asetrabi (Bizkaia) eta Anet-ek (Nafarroa)- dagoeneko aurreratu dute ez dute lanuzterik egingo. Nafarroako Tradisna sindikatuak, berriz, bihar hartuko du erabakia.
Garraiolarien greba deialdiak kezka piztu du herritarren artean, oinarrizko elikagaien hornidurari eragin diezaiokeela eta. Merkataritza kate handi zenbait neurriak hartzen hasi dira, Eroski eta Carrefour kasu.
Ekonomia
Sintrabi Bizkaiko garraiolarien sindikatuak greba egingo du astelehenetik
Erregaiaren prezioaren igoeraren kontra egingo dute protesta. Hiru sindikatuak arratsaldean egingo du batzarra lanuztearekin bat egin edo ez erabakitzeko, baina ezezkoaren alde egingo du sindikatuaren buruzagitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu