Miren Gutierrez (Espainiako Greenpeaceko zuzendaria)

"Sistema honek ez du funtzionatzen; ezin da adabakiak jartzen jarraitu"

Planetan ikusten ditu erronkarik handienak: klima aldaketari nola aurre egin, bioaniztasunaren galerari... Ingurumena eta ongizate sistema kaltetzen dituen sistema aldatu behar delakoan dago.

inaki petxarroman
2011ko martxoaren 2a
08:36
Entzun
Greenpeaceko zuzendari nagusi berria da Miren Gutierrez (Iruñea, 1966). Kazetaritza munduan aritu da, Efe berri agentzian, munduko hainbat herrialdetan. «Gogoz» heldu dio Juantxo Lopez Uraldek utzitako ardurari.

Zein dira, ingurumenaren ikuspegitik, planetaren mehatxu nagusiak?

Gizadiak duen erronkarik handiena klima aldaketari aurre egitea da. Aldaketak hemen dira, eta haietara egokitu behar dugu: espezie eta bioaniztasun galera, itsasoen mailaren hazkundea, tenperaturen gorakada, basamortutzea... Badira bueltarik gabeko aldaketak, eta aurre egin behar diegu, areagotu ez daitezen.

Petrolioa garestitzen ari da, itxuraz, Ipar Afrikako matxinadek eraginda. Zer irizten diezu politikariek iragarritako neurriei?

Penagarriak dira.Greenpeacek eta beste hainbat sektorek alternatibak eman dituzte arazoari aurre egiteko. Petrolioa eta erregai fosilak klima aldaketaren eragileak dira, eta iraungitze data daukate, amaitu egingo direlako. Faktore politiko gora-beheretsuen ondorioz, petrolioaren etorkizuneko prezioa ezin iragar daiteke. Energia berriztagarrien bidez energia sistema osoa ase daiteke. Askoz malguagoak dira, eta hobeto egokitzen zaizkie eskaintza eta eskaeraren gora-beherei. Ez daude monopolioen esku, inbertsio asko erakartzen dituzte, eta lanpostu ugari sortzen. Krisiari aurre egiteko motor ekonomiko moduan erabil daitezke, eta, gainera, Espainia jar dezakete punta-puntan teknologia hauen garapenean.

Atentzioa ematen du energia nuklearraren aldeko kanpaina zaharberrituak, ezta?

Energia mota horrek gatazka nuklearrak elikatzen ditu. Hondakin nuklearrak ehunka urtean ez dira desagertuko. Zentral nuklearrek gabezia handiak dituzte segurtasunaren ikuspegitik, eta arrisku handia dute. Zeinen eskuetan gaude? Zein dira ondorioak? Zergatik ez da energia berriztagarrien aldeko erabateko apustua egiten?

Kopenhagen eta Cancunen, klima aldaketari buruzko azken goi bileretan, ez dituzte neurri zorrotzak hartu berotegi efektuko gasen isurketei aurre egiteko. Zergatik?

Kopenhagen espektatiba handiak zeuden, eta porrota izan zen. Cancunen urrats batzuk eman zituzten. Greenpeace baikorra izaten saiatzen da, eta espero dugu urrats horiek fruituak ematea hurrengo bileran, Durbanen. Esaterako, Espainiako Gobernuak iragarri du asmoa duela %30 gutxitzeko isurketak. Europak erabaki bera hartu behar du, eta gai honetan dagokion lidergoa hartu. Uste dugu hori lehen pausoa litzatekeela %40ko helmugara iristeko.

Euskal Herrian %47 handitu dira gas isurketak 1990etik. Ez gara oso adibide ona.

Ez gara adibide ona, ez. Euskadik lidergo papera du estatu espainiarrean: teknologian, pentsamendu berritzailean... Uste dut askoz ere gehiago egin genezakeela.

Nafarroaren kasuan, adibidez,energia berriztagarrien aldeko apustua ia zakarrontzira bota dute Castejongo zentral termikoek.

Ez da ulergarria klima aldaketa areagotzen duten eta krisia konpontzen ez duten teknologien aldeko apustua. Ikuspegi falta eta epe motzeko etekinak lortzearen aldeko itsumen ikaragarria iruditzen zait. Gainera, esan behar da, energia elektrikoaren eskaera gutxitu egin dela, eta estatu espainiarra esportatzen ari dela. Sistema malgu eta eraginkorra antolatu beharrean, industria batzuei merkatu kuotak bermatzearen aldeko politikak daude indarrean. Esate baterako, industria nuklearrari. Iaz, eskaria gutxitu zen aldi batean, energia eolikoaren hornikuntza moztea agindu zuten, zentral nuklearrekin ezin delako gauza bera egin, askoz ere zurrunagoak direlako.

Ekologismotik, gero eta sektore gehiago ari dira deshazkundearen aldeko mezua bereganatzen eta zabaltzen. Ados al zaude?

Greenpeace oso serioski ari da gaia aztertzen. Nazioarteko gure zuzendari nagusia, Kumi Naidoo, pobreziaren aurkako borrokatik heldu da, eta gaia aztertzen ari da. Sistema honek ez du funtzionatzen. Ezin da adabakiak jartzen jarraitu, klima aldaketa, mileurismoa eta ongizate sistemaren murrizketa dakartzan sistema bat salbatzeko. Ez dakit nola deitu, deshazkundea edo nola, baina beste sistema bat behar dugu: tresnak eta objektuak askoz ere gehiago erabiltzeko, zero hondakin politikak jarraitzeko. Azken finean, planeta honetan aztarna ekologiko txikiagoa uzteko. Horrek ondorio latzak ditu erabiltzen ditugun baliabideetan, garraio sisteman... Ez da kontua leizeetara itzultzea, baina berriz pentsatu behar dugu gauza asko.

Donostiarra izanda, gertutik jarraituko dituzu hemengo hainbat auzi, esaterako, errauste plantarena.

Erridikulua da errauste plantaren aldeko apustua. Donostia bezalako hiri txiki batean zergatik ezin da zero zabor politika indarrean jarri? Zergatik ez berrerabili kontsumogaiak, eta horretan hezi eta ohitu herritarrak? Zergatik ez berrerabili eta birziklatu hondakin guztiak? Zergatik banketxeekin eta enpresekin betirako lotzen zaituen sistema baten alde egin? Hiri hondakina, nahiko arriskugabea izanik, hondakin toxiko bilakatzen da errauste plantatik igarotzen denean. Ez du hanka ez buru.

Pasaiako kanpoko portuaren proiektua ere gogor kritikatu duzue.

Ez du zentzurik, ezta ikuspegi ekonomikotik ere. Hasteko, ez dago eskaerarik; salgaien trafikoa murriztu egin da. Horrez gain, hiru kilometro eta erdiko itsaslabarra suntsituko lukete Jaizkibelen. Aberastasun paregabea dago hor eta ezin dugu inola ere galdu. Barruko portua zaharberritu behar da, iraunkortasun irizpideak aintzat hartuta.

AHTari buruz ez duzue jendaurrean iritzirik eman izan. Zergatik?

Ez diogu gaiari heldu, eta ezin dizut eman azterketa sakon batean oinarritutako iritzirik. Egiten dena egiten dela, iraunkortasun irizpideak erabili behar dira. Autoak eta hegazkinak gehiago kutsatzen dute, baina hortik aurrera... Ez dugu gaia jarraitu.

Erakunde moduan, zer egoeratan zaudete Hego Euskal Herrian?

Aurten lurraldeetan garatzeko plana jarriko dugu martxan. Lehenengo fasean Katalunian kokatu gara, eta erabakitzen ari gara ze tokitan jarriko ditugun ordezkaritzak. Uste dut Euskal Herria hautagai indartsua dela. Horrez gain, laster estatuko lau hizkuntzetan zabalduko dugu gure webgunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.