komunikazioa

Slezakova: "Kalitatezko kazetaritza egiteko dirua behar dugu"

Reanud Lambertek, berriz, esan du lehen bezala orain ere komunikazioa askatzea aldarrikatu behar dela.

Goizeko mahai ingurua. IZASKUN LEKUONA
2013ko azaroaren 5a
11:30
Entzun

Atzokoaren ondoren, Kalitatezko kazetaritzaren etorkizuna jardunaldien bigarren eguna da gaurkoa. Goizeko lehen hitzaldia Renaud Lambert Le Monde Diplomatique egunkariko erredaktore buruak eskaini du, Le Monde Diplomatique eta enparauen erronkak izenburupean.

Azaldu du Lambertek Le Monde Diplomatique-n kazetariek eurek parte hartzen dutela enpresaren jabetzan, irakurleekin batera, eta eredu horren alde agertu da. "Lehen helburu bazen, zergatik ez orain?". Kalitatezko kazetaritza hedabide independenteekin lotu du.

Interneteko kazetaritzaz aritzeaz orainaldi perpetuoaz ohartarazi du, eta azaldu du eurek edukietan inbertitzen dutela. "Guk erreportaje batean beste batzuek urte guztian gastatzeko duten aurrekontua gastatzen dugu".

Ondoren, jardunaldietako laugarren hitzaldiaren txandan Edita Slezakova MIDAS hizkuntza gutxituen Europako elkarteko zuzendari nagusia aritu da Europan hizkuntza gutxituetako kalitatezko prentsaren etorkizunaz aritzeko. MIDAS elkartea Europan hizkuntza gutxituetan aritzen diren 26 egunkarik osatzen dute.

Slezakovak garbi utzi du txikien arazoak beti handien arazoak baino handiagoak direla, eta azpimarratu du hizkuntz gutxituetako egunkariek paperean galdu dituzten iragarkien hutsunea ez dela betetzen sarean sartu denarekin. Azaldu du 26 egunkari horien artean egoera desberdinak daudela, baina finantzaketa behar dutela nabarmendu du. "Dirua behar dugu kalitatezko kazetaritza egiteko".

Bi mahai inguru, amaitzeko

Goiza amaitzeko mahai inguru batean bildu dira Rita Marzoa Catalunya Radioko kazetaria, El Punt-eko zutabegilea eta Els silencis mediàtics urtekariaren editoreetako bat eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Slezakovarekin batera. Marzoar aldarriaktu du hedabideetan kazetaritza egin daitekeela, eta egin ezin dena, hortik kanpo egitekok aukera badagoela.

Otamendik egunkarietako arduradunen autokritika egin du, mespretxuz jokatu zutelako, bere hitzetan, aro digitalaren aurrean. Orain baina euskarak duen tamainerako nahiko ondo kokatuta dagoela adierazi du eta euskarazko hedabideek sektore bezala aritzearen garrantzia azpimarratu du. Gaineratu du Otamendik, gainera, BERRIAn edukien eta euskarrien gaineko gogoetan ari direla.

Arratsaldean, berriz, Etorkizuneko erronkak: Kalitatea eta teknologiaren arteko uztarketa izenburua duen mahai inguruan parte hartu dute Gonzalez Gorosarri HGHko ikerketa taldeko kideak, Irati Agirreazkuenaga EHUko ikertzaileak Medioen arteko konbergentzia alorrean eta Luistxo Fernandez CodeSintax enpresako fundatzaileak.

Gonzalez Gorosarrik kalitatea neurtzeko metodologia azaldu du, eta hainbat aldagai zehaztu, profesionaltasunaren eta gizarte eginkizunaren inguruan. Agirreazkuenagak kazetarien konbergentziaz aritu da, eta esan du kazetariak euskarriak menderatu behar dituela istorioak kontatzeko.

"Lehen araua aspergarria ez izatea da", esan du bere aldetik Fernandezek. Bere hitzetan medio teknikoak menderatau behar dira baina horrez gain kazetariak narratiba berria ere menderatu behar du. "Krisiaren ondoren zer geratuko da? Narratiba berrian trebeak direnak eta iritzi propioak ematen dituztenak", adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.