'SOILIK BAIETZ DA BAIETZ' LEGEA

‘Soilik baietz da baietz’ legearen erreformaren aurka protesta egin dute feministek

Donostiako eta Bilboko Justizia jauregien aurrean antolatu dituzte mobilizazioak. Bihar dira erreforma Espainiako Kongresuan eztabaidatzekoak.

Bilbon egin duten protestaren argazki bat. BERRIA
jone arruabarrena
2023ko apirilaren 19a
21:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Bihar dira soilik baietz da baietz legeari PSOEk egindako erreforma proposamena eztabaidatzekoak Espainiako Kongresuan, eta feministak legearen aldaketaren aurka agertu dira. Hain zuzen, protesta egin dute gaur, 20:00etan, Bilboko eta Donostiako Justizia jauregien aurrean. Hainbat talde, legelari eta teknikari feministak sinatutako manifestu bat ere kaleratu zuten aste honen hasieran erreformak legeari eraginkortasuna kentzen ziola salatzeko.

«PSOEk aurkeztutako eta PPk eta Voxek babestutako lege-proposamen bat onartuko du, Soilik bai da bai legea aldatu asmoz», adierazi dute mobilizazioan. Esan dutenez, PSOEren proposamen horrek epaile batzuek orain arte egindako murrizketen harira «zenbait sektorek egindako manipulazio mediatikoak eragindako alarma sozial bati» erantzuten dio: «Alarma sozial hori sortzea estrategia patriarkal interesatua da soilik bai da bai legeak indarkeria matxisten inguruan eta, zehazki, sexu indarkerien inguruan nabarmentzen dituen gai garrantzitsuak alde batera uzteko».

Horrez gain, salatu dute «hainbat lege teknizismo» erabili direla, eztabaida sozial «nahasgarri bat» bideratzeko. «Era horretan praxi judizial txar baten ardura legearen edukira helarazi da».

Onespena ez ukitu bezalako leloak entzun dira, esaterako, Bilboko protestan. Izan ere, bertan bildutakoek salatu dute Berdintasun Ministerioak bultzatutako legeak onespena jarri duela erdigunean. Lege horren aurretik, berriz, emakumeek frogatu beharra zutela sexu askatasunaren aurkako delituetan ez zela onespenik egon, azaldu dutenez: «Hori gure jarrerak epaitzearen bidez egiten zen: zer egin genuen, mozkortuta geunden ala ez, gure janzteko modua... ». Gehitu dute erreformak atzerapauso bat ekarriko duela arlo horretan: «Indarkeria eta larderia egoerara itzultzeak gure bai ozena zalantzan jartzea esan nahi du, gure ez ozena zalantzan jarri zen moduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.