Emakumeen aurkako indarkeria. Babes neurriak

Sophie Loudetten ustezko hilketa salatzeko, kalera atera dira ehunka lagun

Baionan gaur arratsean egingo dute hilketaren aurkako elkarretaratzea, bortizkeria sexistaren aurkako taldeak deituta

Dozenaka lagun elkarretaratu ziren atzo arratsean Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan, Sophie Laudetten hilketa eta azken egunetako erasoak salatzeko. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Ehunka lagunek egin zuten protesta atzo arratsean Euskal Herriko hainbat herritan, Sophie Loudetten ustezko hilketa salatzeko. Emakumeen Mundu Martxako Plataformak deituta egin zituzten elkarretaratzeak Hegoaldeko lau hiriburuetan eta beste hainbat herritan. Emakumeen Mundu Martxako Plataformak gogorarazi du aurten dagoeneko zazpi emazte hil direla indarkeria patriarkalaren ondorioz —andreen aurkako indarkeriatzat hartu dituzte Amaia Azkueren hilketa, eta semeak hil zuen Portugaleteko emakumearena—. «Emakumeon aurkako indarkeria gure gizartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa etahedatuenetakoa da. Emakume izateagatik jasaten dugun biolentzia oroz ari gara, sexu erasoak, prostituzio behartua, lantokietako sexu jazarpena, jipoiak eta emakumeon erailketak...», adierazi du. Gaur arratsaldean, 18:30ean, beste elkarretaratze bat egingo dute Baionan. Bortizkeria sexistaren aurkako kolektibo feministak egin du deia. Herriko etxearen aurrean izango da.

Poliziak jakinarazi zuen atzo iluntzean edo gaur emanen zutela Loudetten eta haren bikotekidearen gorpuei egindako autopsiaren emaitza. Talde feministen iritziz, nolanahi ere, heriotzaren gibelean bortizkeria sexistaren zantzuak daude, eta hori salatzeko asmoarekin deitu dute elkarretaratzera. Feministek azpimarratu dute ezagutzen diren elementuen arabera lehenik gizonak emaztea hil zuela, eta gero bere buruaz bertze egin.

Sophie Loudette sendagilea zen Baionako eta Bordeleko erietxeetan. Ostiralean lana zeukan, baina ez zen agertu. Horren arrazoiak argitzeko, erietxeko arduradunek familiari deitu zioten. Susmo txarrak eraginik, Polizia deitu zuten haiek. Ostiral arratsaldean Sophie Loudetten etxera sartu ziren poliziak, Baionako Santespiritu auzoko Brigadier-Muscar karrikako 10. zenbakira. Etxeko atea barrutik zegoen itxita. Sartu zirelarik, poliziek bi gorpu atzeman zituzten, Loudettena eta haren bikotearena.

Loudetten gorpuak zein senarrarenak labana zauriak zituzten, eta gorpuen ondoan atzeman zuen Poliziak ustez heriotzak eragiteko balio izan zuen labana edo ganibeta. Autopsiak argitu beharko du arma horrek eragin ote zituen zauriak eta nola gertatu ziren bi heriotzak. Andrearen hilotzak labanaz egindako zauri bakar bat zuen; gizonak, berriz, hainbat zauri zituen bularraldean. Jakinarazi dute bikote harremana zutela hildako bi lagunek. Emakumeak bi ume bazituen.

Lehen elementuen arabera, Poliziaren hipotesi nagusia da 40 urteko gizonak Loudette hil zuela labankadaz, eta ondoren bere buruaz bertze egin zuela. Zendutako emakumeak 36 urte zituen. Autopsia Bordeleko erietxean egingo dute, eta Poliziak espero du bi heriotzen kronologia osatzeko baliagarria izanen dela. Uste dute ostiral goizean gertatu zela ustezko hilketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.