Ezker abertzalean borroka armatuaz eztabaidatu dela aitortu behar izan zuten atzo Espainiako Auzitegi Gorenean lekuko gisa deklaratu zuten polizia eta guardia zibilek. Eztabaida hori egon dela aitortu arren, saio berezia egin zuten ezker abertzalearen baitan hausturarik ez dela izan azpimarratzen, beraien tesia babesteko xedez. Hala, Sortu Batasunaren jarraipena dela argudiatzen saiatu ziren, eta bozetan egoteko helburu hutsz eratutako alderdia dela eman nahi izan zuten ulertzera. Instituzioetan egoteko helburuarekin saiatu direla legea betetzen, «nahiz eta beste helburu batzuk izan». Ezker abertzaleak borroka armatuaz eztabaidatu duela onartu zuten, eta estrategia aldaketa egitea ere erabaki duela, baina, aditzera eman nahi izan dutenez, horrek guztiak ez du Sorturen sorrerarekin inolako zerikusirik.
Sortu legeztatu edo ez erabakitzeko auzi saioak hasi ziren atzo Madrilen, Espainiako Auzitegi Goreneko 61. Areto berezian. Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenetan oinarrituta, Sortu Batasunaren jarraipena dela argudiatzen dute Espainiako Estatuaren Abokatuak eta Fiskaltzak, eta beraz, ezker abertzalearen alderdi berria ez legeztatzeko eskatzen diote Carlos Divar epailea buru duen eta 16 magistratuk osatzen duten epaimahaiari. Iñigo Iruin eta Adolfo Araiz abokatuek osatzen duten defentsak, berriz, Sortu ez dela Batasunaren jarraipena argudiatzen dute. Estrategia armatuaren kontra dagoela ezker abertzaleak erregistratu duen alderdi berria, benetan baztertzen dutela indarkeriaren erabilera, eta ezker abertzalearen estrategia aldaketari erantzuten diola.
Atzo, Antoni Narvaez fiskalak eta Manuel Rivero estatuaren abokatuak eskatuta Sorturi buruzko txostenak egin zituzten Espainiako Poliziako kideek eta Guardia Zibileko agenteek deklaratu zuten, lekuko gisa. Haiek alde batetik lekuko gisa eta bestetik peritu gisa deklaratzea nahi zuen Fiskaltzak, baina, hala egiterik ez dagoela ohartarazi zion Iruinek epaimahaiari. Deklaratzekotan lekuko-peritu gisa deklaratu behar zutela, beti ere lekuko izaerarekin. Aretoak arrazoia eman zion Iruini, eta banaka-banaka deklaratu behar izan zuten, fiskaltzak guztiak batera eta taldean deklaratzea nahi zuen arren. Luzatu egin ziren galdeketak, eta goiz eta arratsalde aritu ziren aldeak haiei galdezka. Saioek gaur jarraituko dute, eta gaur amaitzea espero da. Aldeek euren ondorioen txostenak aurkeztuko dituzte, eta epaimahaiak erabakia hartu beharko du gero. Ez du horretarako eperik, baina, aukeretako bat da erabakia egun gutxi barru jakinarazi, eta geroago kaleratzea erabakia arrazoitzeko txostena.
Haustura bai edo ez
Zutik Euskal Herria txostenera iristeko, ezker abertzalearen barruan eztabaida gogorra egon zela aitortu zuen Espainiako Poliziako 19.242 agenteak. Estrategia politiko militarraren inguruan eztabaidatu zela onartu arren, Zutik Euskal Herria dokumentuan estrategia horretaz ezer ez dela argitzen argudiatu nahian ibili zen, Iñigo Iruin abokatuaren galderei erantzunez.
Ezker abertzalearen «tresna bakarrak» borroka instituzionala, masa borroka eta borroka politikoa direla esaten da Zutik Euskal Herria dokumentuan. Borroka armatuari buruz aipamenik ez denez egiten, borroka armatua ez dutela tresna gisa hartzen ulertu daitekeela iradoki zion Iruinek, eta are gehiago, aurretik esandako tresnak «tresna bakarrak» direla argitzen bada. Agiri horretan ezker abertzaleak «estrategia aldaketaz» ere hitz egiten duela ekarri zion gogora. Hori hala dela onartu zuen poliziak, baina, agiri hori ez dela estrategia politiko-armatuaz ari gaineratu zuen. Zutik Euskal Herria prozesu demokratikoari buruz ari dela, eta baliagarriak diren «tresna bakarrez» ari denean, prozesu demokratikorako beharrezkoak diren tresnez ari dela, eta ez estrategia orokorraz. «Indar metaketaz ari da, eta ez estrategia politiko-militarraz». Nolanahi ere kontraesan bat baino gehiago izan zituen.
Ezker abertzalearen barne eztabaidaren hasieran bi txosten zeudela azaldu zuen: Mugarri eta Fase politiko eta estrategikoa argitzen . Gaineratu zuenez, Mugarri-k borroka politiko-militarrarekin jarraitzea babesten zuen, eta kontrako egiten zuen Argitzen-ek. Bi korronteen artean eztabaida gogorra egon zela, onartu behar izan zuen, Iruinek behin eta berriz aipatu baitzizkion hori adierazten zuten dokumentuak. Baina, eztabaidak eztabaida, azkenean Ekineko kideek egin ei zuten Mugarri txostena militanteen artean eztabaida abiatu aurretik erretiratu zutenez, ez zela ponentzia ezker abertzaleko oinarrien artean zabaldu azaldu zuen. Alegia, kohesioa mantendu dela, eta ez dela hausturarik egon. Eztabaida egon zela aitortu zuen, baina azkenean akordioa egon zela, eta ETAk berak ere «onartu egin behar» izan zuela Argitzen txostena. Nolanahi ere, eztabaida hartatik ateratako ondorioekin osatutako Zutik Euskal Herria dokumentua ez dela horretaz ari esan zuen behin eta berriz polizia horrek.
Bere tesia indartzeko asmoz esan zuen estrategia politiko-militarraren inguruko eztabaida ezker abertzaleak egin zuela, eta ez Batasunak, «ez dagokiolako hari». Hala ere, Batasuna ezker abertzalearen barnean kokatu zuen, hura definitzerako orduan.
Estrategia armatuaren inguruan eztabaida egon bazen, gainera, «denbora kontuaz» bakarrik izan zela ere esan zuen. Beste une batzuetan esandakoaren kontra, borroka armatuaren erabilgarritasuna ez zela zalantzan jarri esan zuen. Bere arabera, Mugarri txostenean, eta beraz, «ETA-Ekinen» iritzian, prozesu demokratikoaren aurretik borroka armatuaren fase bat beharrezkoa dela jasotzen zen, eta Argitzen-en, berriz, ez. Izan ere, azken txosten horren arabera —Bateraguneko auzian espetxeratutakoak lirateke egileak—,ez legoke «denborarik» aro armaturako.
Eztabaida sutsua egon zela pentsatzeko zantzuak zeudela onartu zuen behin eta berriz, baina, zuzenean galdetuta estrategia armatuaren inguruan eztabaida sakona egon al zen, «hainbeste ez nuke esango» erantzun zuen.
L7586E guardia zibila Adolfo Araizi erantzunez ere tesi berbera argudiatzen saiatu zen. Tonu gogorrean esan zuen Batasunaren eztabaidan ez zela estrategia armatuaz hitz egin, «Batasunaren kontuez» hitz egin zela, Batasunari ez omen dagokiolako borroka armatuaz hitz egitea. Ezker abertzaleko beste egitura batzuetan eztabaidatu zela horretaz, baina ez Batasunaren batzarretan, batzar haietan Argitzen besterik ez zelako eztabaidatu.
Sorturen legeztatze prozesua. Espainiako Auzitegi Goreneko auzi saioa
Sortu ez dela estrategia aldaketaren ondorio esan dute poliziek Gorenean
Borroka armatuaren inguruan eztabaida egon arren, Sortu bozetan egoteko helburu hutsez sortu dela argudiatzen saiatu diraGoreneko 61. Aretoan Sortu legeztatu edo ez erabakitzeko saioak gaur amaituko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu