Sortu ilegalizatuz gero, UPNk EAren aurka jotzeko eskatuko dio fiskalari

Sergio Sayasek esan du Eusko Alkartasunak bere burua eskaini duela «Batasunaren marka zuria» izateko

Sergio Sayas. BERRIA.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Oraindik Auzitegi Gorenak ez du kaleratu Sortu alderdiaren inguruko ebazpenik, baina UPNk argi utzi du zeintzuk diren bere asmoak. Sergio Sayas UPNko komunikazio idazkariak aurreratu du Sortu legez kanpo uzten badute eta EAk bere hauteskunde eskaintzan «tokia egiten badio» Fiskaltzari eskatuko diola EAren aurka jo dezala. «Argi dago auzitegiek Sortu legez kanpo uzten badute EAk bere burua eskainiko duela Batasunaren marka zuria izateko», arrazoitu du UPNko parlamentariak. Ez du esan, ordea, bere alderdiak zer jarrera hartuko duen auzitegiek Sortu legeztatuz gero.

EAk eta Herritarron Garaia plataformak bere asmoen berri eman eta gutxira eman zuen prentsaurrekoa UPNk. Deialdiaren gai nagusia EAren ingurukoa zen, eta ideia horri eutsi zion behin eta berriz UPNko komunikazio idazkariak. Haren hitzetan, Eusko Alkatasunak ezker abertzalearen alderdia «zuritzeko» asmoa dauka.

Sayasen irudiko, EAk bere hauteskunde eskaintzan ezker abertzaleari tokia egiteko apustuarekin aurrera jarraituz gero, Fiskaltzak «esku hartu» egin beharko luke. «Horrek esan nahiko luke EA legez kanpo dagoela eta Alderdien Legea atzeko atetik sartuta saihestu nahi duela. Fiskaltzak ezin du halakorik onartu, ezta ondoren auzitegiek ere».

Haren irudiko, alternatiba hori «erabat hitzartuta» dauka EAk ezker abertzalearekin. «Irtenbide horren ideia ez da EArena, eta ondo diseinatutako eta landutako estrategia bati erantzuten dio. Bilatzen duena da auzitegiek Sortu ilegalizatuz gero alderdi horri tokia egitea».

Ez dirudi ezker abertzalearen alderdi berria legeztatzeko aukera UPNren aurreikuspenetansartzen denik, edo gutxienez bere adierazpen publikoetan horrelakorik baztertu egiten dute UPNko agintariek. Adibidez, aurreko astean, Miguel Sanzek esan zuen ETA «operatiboa dagoen bitartean» ez dela aukerarik egongo «talde terroristaren ingurunean mugitzen den inor hauteskundeetan egoteko». Haren irudiko, denbora aurrera doan heinean, «agerian jarri da» Sortu eta haren «eratorriak» Batasunaren ildoari jarraitzen diotela. «Batasuna ETAren adar politikoa izan da eta da oraindik».

Yolanda Barcinak, otsailaren 10ean, bere blogean idatzi zuen ezker abertzalearen mugimendu politikoa «taktikoa» baino ez dela eta hauteskundeetan egotea baino ez duela nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.