Sortuk baliogabetze intzidentea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean

Auzitegi Gorenak orain bi aste harturiko erabakia alderdi politikoak eratzeko eskubidearen aurka doala argudiatu duteAuzitegi Konstituzionalera jo aurretik ezinbestean eman beharreko pausoa da

Sorturen legeztatzearen alde aurreko larunbatean Bilbon egindako manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Epaitegietako bideari jarraitu eta ohiko jurisdikzioaren bideko pauso guztiak ematea erabaki du Sortuk. Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko sala bereziak alderdiaren inguruan plazaraturiko autoa aztertu ondoren, aretoaren jarduera judizialaren baliogabetze intzidentea aurkeztuko du Sortuk egunotan; autoa, besteak beste, «alderdi politikoak sortzeko eskubidearen aurka» doalako. Aldi berean, autoa bete ez dadin, «premiazko eskea» egin du alderdiak, helegiteak legezko helburua gal ez dezan.

Baliogabetze helegitea Auzitegi Konstituzionalera jo aurreko ezinbesteko pausoa da 2007ko lege erreformaz geroztik. Hala, alderdia legez kanpo uztea erabaki zuen auzitegi berak erabakiko du «oinarrizko eskubide urratzeen gaineko epaia emateagatik» Sortuk aurkeztuko duen baliogabetzea onartzen duen ala ez. Auzitegi Gorenak aurkeztutako helegitea onartzen ez badu, Sortuk Auzitegi Konstituzionalera joko du, epaitegi horretan babes helegitea jartzeko.

Jarraitu beharreko pauso guztiak aztertuta, gerta liteke auzitegien azken ebazpena heldu den hilabeteko udal eta foru hauteskundeak baino geroago iristea. Sortuk ez du horren beldurrik agertu, eta alderdiaren sustatzaileek, prentsa ohar baten bidez, berretsi dute orain hartu dituzten konpromisoak «erabaki estrategikoen ondorio» direla, ez «hauteskunde prozesu batean edo beste batean parte hartu ahal izateko eginak». Dena den, heltzear diren bozetatik haratago egoteko asmoa irmoa izanik ere, Sortu «ahalik eta azkarren» legeztatzeko eskatu dute, hala «bake testuinguru bat lortzeko eta Euskal Herrirako konponbide demokratikoak lortzeko elkarlanean hasteko».

Behin 61eko salaren epaia aztertuta, auzitegiko epaileekharturiko erabakia «erabaki politikoa» dela esan dute alderdiko sustatzaileek. Legeztatzearen kontra azaldu diren epaileek ebazpenari kutsu juridikoa eman nahi izan diotela adierazi dute, baina epaiak berak agerian utzi duela erabakia «uste, susmo eta aurreiritzi politikoetan oinarrituz hartu» dutela, «argudio juridikoak alboratuta». Sustatzaileen iritziz, epaileen artean egon den batasun faltak ere argi utzi du hori hala dela.

Horregatik, nabarmendu dute Euskal Herrian zabaltzen ari den «ilusioari ateak ixteko» xedea duela Auzitegi Gorenak aurreko astean harturiko ebazpenaren bidez.

Zailtasunak direla-eta jasotzen ari diren elkartasun adierazpenentzat esker hitzak izan dituzte Sortuko sustatzaileek. Bereziki, aurreko larunbatean alde askotakoek Bilbon egindako manifestazioan babesa erakutsi zietenei eta aukera politiko guztiek euren ideiak defendatzeko aukera izan dezaten aldarrikatu zuten guztiei. Baina baita nazioartetik jaso dituzten elkartasun adierazpen guztientzat ere.

Iturgaitzen haserrea

Auzitegi Gorenaren erabakiarekin bat egin ez zuten epaileen inguruan gogor mintzatu zen, berriz, Carlos Iturgaitz PPko europarlamentaria atzo Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean. Epaileek poliziaren txostenak aintzat hartu ez izanak sumindu du Iturgaitz. «Poliziaren txostenek —Sortu Batasunaren jarraipena dela diotenek— behar lukete garrantzitsu, ez komunikabideek diotena, ezta agerraldiek edo epaileei politikoek goitik esaten dietenak ere».

Auzitegiek edozein erabaki hartuta ere Sortu maiatzeko hauteskundeetan egongo dela uste du, halere, europarlamentariak; alderdia «ETA eta gobernuaren artean dagoen prozesuaren parte» delako. Jaime Mayor Oreja alderdikidearen hitzekin bat eginda, Iturgaitzen iritziz, ETA eta Espainiako Gobernua negoziatzen ari dira.

Europarlamentariak bezala, Sorturen balizko legeztapena izan zuen hizpide atzo Miguel Buen Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko PSE-EEren hautagaiak. Buenen iritziz, Sortu maiatzeko foru hauteskundeetan egongo balitz, Gipuzkoako bigarren indar politikoa izango litzateke, «PSE-EEren atzetik eta EAJren aurretik». Sortuk bere kabuz aurkezterik balu babes sozial handia izango lukeela uste du hautagai sozialistak.

Haren aburuz, Sortuk sistema demokratikoan murgiltzeko «urratsak egiten» jarraituko du, eta «datozen hauteskundeetan ez bada hurrengoetan» egongo dela iragarri du. Politikan bere bidea egiteko aukera izango duela gaineratu du.

Bilduren inguruan, zalantza gehiago ditu, dena den, Buenek. «EAko jende askok ez du ezker abertzale erradikaleko hautagai baten alde bozkatuko». Koalizioaren zerrendak betetzeko zailtasun ugari egongo direla iragarri du hautagai sozialistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.