Sortuk dio bere estatutuak ETAren indarkeria amaitzeko tresna eraginkorra direla

Ezker abertzalearen barne eztabaidari buruz, Sortuk argudiatu du bilakaera ez dela bat etorri ETAren planteamenduekinFiskaltzaren eta Estatuaren Abokatuen eskaerei alegazioak aurkeztu dizkie Sortuk

Pello Urzelai.
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Sortuk alegazioak aurkeztu eta alderdi berriaren inskripzioa onartzeko eskatu du. «Ez dago funtsezko antzekotasunik legez kanporatutako alderdiekin. Ez da bilatzen Batasunaren birreratzea edo birrosatzea, ez era formalean ez mozorro baten bidez; ez ETAk dirauenean ez desagertzen denean». Horrela nabarmendu du Sorturen defentsak, atzo Auzitegi Gorenean aurkeztu zuen idatziaren ondorioetan. «Estatutu berriak ez dira erretorika formal hutsa. Egitateak dira, indarkeriaren amaieraren aldeko jarrera eta konpromiso batzuk agerian uzten dituztenak, eta nahiz eta berez helburu hori bermatzeko nahiko ez diren arren, badira tresna eraginkor bat ETAren indarkeria amaitzeko».

Estatuaren Abokatuak eta Fiskaltzak legeztatzearen kontra egindako eskaerei erantzun zuzena eman die Sortuk, 245 orriko idatzian. «Legez kanporatzea ekarri zuten jarduerak», argudiatu du Sortuk, «desagertu egin dira euskal paisaia politikotik ezker abertzaleari dagokionean. Eszenatoki berri bat irekitzen ari da». Horren froga da ezer ez dela aldatu argudiatu nahi dutenek exajeratu beharrean aurkitu direla, «baita existitzen ez diren errealitateak ere». Halaber, Sorturen defentsak nabarmendu du Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatuak «juridikoak ez diren eskaerak» gehitu dituztela, inskripzioaren listoia igoz, otsailaren 7ko ekitaldia baino lehenago Gobernutik edo Fiskaltzatik esaten zenaren gainetik.

Alegazioen arabera, «Sorturen estatutuek eta legeztatzeak indarkeriaren amaierara eramango dute, erabiltzen dutenek jarduera horrekin jarraitu ahal izateko ezein espazio sozial eta politikoren itotzea dakarrelako».

Fiskaltzaren eta Estatuaren Abokatuaren argudioak banan banan auzitan jarri ondoren, Sortuk eskatu dio Auzitegi Gorenari bidezkotzat jotzeko alderdiaren inskripzioa. Horrez gain, Sorturen defentsak ez du auzi-saiorik eskatu eta argudiatu du ez dela beharrezkoa froga osoa dokumentala dela nabarmenduz.Auzi-saiorik gabe asko laburtukolitzateke erabakia hartzeko epea.

Barne eztabaida

Fiskaltzaren eta Estatuaren Abokatuaren tesi nagusiari hasiera hasieratik egin dio aurre Sortuk alegazioen idatzian. Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren txostenetan oinarrituta, Fiskaltza eta Estatuaren Abokatuaren tesi nagusia Sortu ETAren estrategiarekin bat eginik sortua dela esatea da. Horren aurrean, Sortuk argudiatu du bere bilakaera «propioa», ETAren tesiekin «bat ez datorrena» eta «aurrez aurrekoa» izan dela. Sortuk argi utzi du ezker abertzalearen baitan izandako barne eztabaida prozesuan «desadostasunak» eta «bat ez etortzeak» izan direla eta ezker abertzaleak onartutako estrategia berriak ez duela islatzen eta ez duela biltzen ETAren planteamenduak, «baizik eta aurrez aurreko jarrerak eta dibergenteak».

Sorturen defentsak leporatzen die Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari polizia txostenak «era akritikoan» onartzea, eta txostengileei «objetibitaterik eza» eta «gertaeren kontakizuna faltsutzea». Horren adibidea liteke, adibidez, Mugarri izeneko txostenaren edukia erabat alde batera utzi izana (nahiz eta Guardia Zibilaren hasierako lan zirriborroa aipatzen zen). Mugarri txostenarekin batera, beste zenbait dokumentu aipatzen ditu Sorturen defentsak agerian uztezko barne prozesuan ikuspegi kontrajarriak izan zirela. Halaber, ezker abertzalearen hainbat dokumentu ekarri du harira Sorturen defentsak, argi uzteko ez datozelako bat ETAri egotzitako dokumentuekin. Adibidez, Estrategia eta fase politikoa argitzen izenburuko txostena, Altsasuko Adierazpena, Zutik Euskal Herria agiria, Iruñeko Adierazpena, Lortu Arte akordioa, Gernikako Akordioa, Altsasuko agiria, Iruñeko Adierazpena eta Euskaldunako ekitaldiaren adierazpena.

Ikuspegi hori osatzeko, Sorturen defentsak ezker abertzaleko arduradunek egindako adierazpen eta elkarrizketa ugari baliatu ditu erakusteko zein izan den apustu politiko berria, bide politiko eta demokratiko hutsen alde.

Fiskaltzaren beste tesi nagusietako bat Prozesu Demokratikoa kontzeptua ETArekin lotzea da. Sortuk argudiatu du oso kontzeptu irekia dela eta erabilera ezberdinak izan dituela. Halaber, Sorturen estatutuetan kontzeptu horri egiten den aipamena erabili beharreko bideei buruz zehatza eta argia dela nabarmendu du defentsaren idatziak.

Balizko loturak

Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatuak Sortu ETArekin lotzeko argudiatutako zantzu guztiak banan banan indargabetu ditu Sortuk bere idatzian. Sonia Respaldizaren sustatzailearen kasuan Guardia zibilaren txostenaren kontraesanak nabarmenduz, Xabier Artolaren kasuan lotura familiarra argituz, Jose Maria Compainsi egindako entzuketak legez kanpokoak direla nabarmenduz (semearen abokatua ere delako), Bruselako prentsaurrekoaren kasuan europarlamentarioen ekimena izan zela erakutsiz.

Eskaera politiko edo moralak

Idatziaren amaieran, badago atal bat juridikoak ez diren eskaera edo betebeharrei buruz. Sorturen defentsaren ustez, iraganaren gaitzespena eta ETAren desagerpena edo ETAk Sortu ez arbuiatzea legerian jasotzen ez diren baldintza berriak dira eta ezin dira ezarri kasu honetan.

Gobernuaren «zorabioa»

Sortuk alegazioak aurkeztu baino lehen, agertoki politiko berriaren aurrean «interes politikoen arabera jokatzea» leporatu dio Rufi Etxeberriak Espainiako Gobernuari, Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan. Etxeberriaren, «aitzakia» bat baino ez da Sorturen legeztatzearen inguruan sortu den eztabaida. Horrek egoera politiko berriari Gobernuak dion «bertigoa» islatzen duela dio. «Gobernuak onartuko balu ezker abertzaleak egoera berri bat sortu duela horrek estrategia berri bati ekitera eramango luke. Eta une honetan ez dago horrelako erabakirik. Eta arazoa hor dago, Gobernuak errealitate bat ukatu nahi du, errealitate hori onartzeak urrats berriak eta estrategia aldatzera eramango lukeelako». Etxeberriaren arabera, egun Gobernuaren ardura litzateke «gutxieneko demokratikoak» berrezartzea Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.