Sortuk Frantziako tiroketa gaitzetsi eta neurriak hartzeko eskatu dio ETAri

Ezker abertzalearen herenegun arratsaldeko oharrak «berrikuntzak eta aldaketak» dituela onartu du Rubalcabak

Erredakzioa
Iruñea
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Asteburu honetan Frantzian izandako tiroketaren harira, Sortuk hiru puntuko ohar bat kaleratu zuen atzo. Lehenik eta behin, edozein biolentzia motaren aurka «errefusatze etiko eta eztabairik gabea» adierazi dute, «ETArena zein xede politikoz egindako beste edozein ere». Horregatik, nahiz eta Frantzian izandako gertaeren sekuentziaren gaineko bertsio fidagarririk ez duten onartu, tiroketa hori «zalantzarik gabe» gaitzetsi du Sortuk. Atxilotuei errugabetasun printzipioa zor zaiela gogorarazita, «larritasun ukaezina duten gertakariak» argitzeko eskatu dute. Horregatik, bigarrenik, ETAri «beharrezko neurriak» har ditzala eskatu diote, «antzeko jazoerak eta indarkeriazko izaera duten beste edozein ere etorkizunean berriz gerta ez daitezen».

Sortuk, azkenik, ezinbestekotzat jo du biktima gehiagorik ez sortzea eta biolentzia amaitzea. Hala, legeztatzen dutenean bake bidean eta proiektu politiko guztiekiko errespetuan eragile aktibo izateko konpromisoa adierazi du, eta Espainiako Estatuari jarrera bera hartzeko eskatu dio.

Herenegun arratsean kaleratutako oharrean tiroketa «onartezina» eta «ulertezina» dela adierazi zuen ezker abertzaleak, eta neurriak hartzeko eskatu zion ETAri. Horren inguruan, atzo, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak aitortu zuen adierazpenak «aurretik entzun gabeko elementu berriak» dituela. «Ohar horrek berritasunak eta aldaketak ditu. Aitortu beharra dago, baina ezker abertzaleak behingoz egin behar duena da ETAri indarkeria utz dezala eskatzea».

Eusko Jaurlaritzako eledun Idoia Mendiak «paradoxatzat» jo du ezker abertzalea «Bildu baino irmoago» agertu izana tiroketaren aurka. EAk, Alternatibak eta independenteek osatutako koalizioari «epel» eta «leun» azaltzea aurpegiratu dio. «Gerta liteke ETA amaitzeko exijitzearekin baino kezkatuagoak egotea hauteskundeekin», esan du. Mendiak gaineratu du Jaurlaritzak ondo ikusten duela Estatuko fiskal nagusiak Bilduren zerrendak ikertzea.

EAJk, berriz, nabarmendu du ezker abertzalea «bide onetik» doala. Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearen aburuz, «txalogarria» da ezker abertzalearen jarrera: «Badakit mundu horretan zer esan nahi duen horrelako adierazpenak egitea». Bilduren jarrerarekin, ordea, «harrituta» azaldu da Urkullu: «Ez dakit zer gertatzen den. Bilduk badaki zer joko duen fiskaltzak eta zer mezu igorri dituzten Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak». Josu Erkoreka diputatu jeltzaleak, berriz, pozgarritzat jo du ezker abertzalearen jarrera, eta bide onetik doan froga dela deritzo. Haren iritziz, Frantziako tiroketak «ezustean» hartu du Bildu.

Serafin Llamas Ezker Batuko eledunaren ustez, ezker abertzalearen adierazpenak agerian uzten du bere apustu estrategikoaren sakontasuna. ETAri desagertzeko eskatu dio EBk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.