EAJ-Sortu harremanak. Elkarrizketa. Koldo Mediavilla. EAJren EBBko kidea

«Sorturi uste baino gehiago ari zaio kostatzen gaurko egoerara egokitzea»

EAJko harreman instituzionalen idazkariak dio «oso garrantzitsua» dela Sortuk eta jeltzaleek «oinarrizko akordioa» lortzea. Uste du erabaki eskubideaz, bakegintzaz eta autogobernuaz gain instituzioetako gaiez ere hitz egin behar dela.

enekoitz esnaola
2014ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
EAJko ordezkaritza taldeko kide gisa, Sorturekin egindako bilera guztietan parte hartu du Koldo Mediavillak (Bilbo, 1961). Harremana sakontzearen alde dago.

Zergatik egin zenuten orain urtebete Sorturekin jendaurreko bilera hura?

Aurretik hartu-eman batzuk izan genituen, maila goreneko ordezkaritzarekin, eta iazko uztailaren 3ko bilerarekin lortu nahi izan genuena zen jendaurrean islatzea harremanetan geundela. Garrantzitsuak dira harremanok, Euskadiko alderdi politikoen esparruan oinarrizko ardatza osatzen dugulako EAJk eta Sortuk.

Zer lortzeko?

Oinarrizko akordio bat.

Zer lortu duzue?

Bizikidetzaz eta gatazkaren ondorioez elkarrekin diagnostiko bat egiten saiatu ginen, biontzat garrantzi handia baitute. Prozesuak aurrera egiteko arlo politikoan eta instituzionalean zer urrats egin zitezkeen adostea zen kontua. 2013 bukaeran pauso bat, behintzat, eman zen, presoen kolektiboak adierazpena atera zuenean, legedia jarraitzeaz eta. 2014 hastapenean ETAren desarmatzearen hasiera izan da. Horiek genituen gai nagusiak.

Gai politikorik jorratu al duzue?

Bai, [EAEko] autogobernu txostenaz ere hitz egin dugu, bakoitzaren posizioa argitu nahian. Autogobernu alternatibak nahi ditugu EAEn eta Nafarroan.

Nafarroaz zer hitz egin duzue?

Nafarroako mapa nabarmen alda daiteke. Iaz biltzen hasi ginenean, ikusten zen Nafarroan aurtengo maiatzerako hauteskundeak aurreratzeko aukera zegoela. Ez zen halakorik gertatu, datorren urteko maiatzean izango dira bozak, eta aldaketarako aukerak ez dira desagertu. Itxaropentsu gaude.

Zuek, Geroa Baiko kide bezala, prest al zaudete EH Bildurekin alternatiba gauzatzeko?

Nafarroan pausoak zein izan daitezkeen ikusteko azterketa partekatu dugu Sorturekin. UPNren gobernuaren aurrean alternatiba gauzatzea planteatzen dugu. Biok badakigu aukera historiko baten aurrean gaudela eta arduratsu jokatu behar dugula.

PSNrekin edo PSN gabe?

Ikusi beharko da zer emaitza izaten diren. UPNren aroa amaitzea da nahi duguna.

Arraizek iazko bileran «gutxieneko akordioa» aipatu zuen. Ortuzarrek, «bide orria».

Badira puntu batzuk ados jarri beharrekoak. Izan daitezke erabakitzeko eskubidea, presoak, biktimak... Baina ez dugu askorik aurreratu. Dena dela, hizketan jardutea bera aurrerapena da, kontuan hartzen badugu aurreko urteetan nola egon garen. ETA traba zen elkarrizketa politikorako. Orain, dinamika politiko-militarra desagertu dela, benetako politika egiteko ordua da, eta EAJ eta Sortu ezin gara bizkarra emanda egon. Kostatzen ari zaigu, kostatu egingo zaigu, baina herri hau aurrera ateratzeko gutxieneko akordioa behar dugu.

Bada ia urte erdi bat EAJ-Sortu bilerarik egin ez duzuela. Berriro biltzeko asmorik bai?

Gure partetik bai, behintzat. Guztion onerako izango da. Baina aintzat hartu behar da datorren urteko maiatzean udal eta foru hauteskundeak izango ditugula. EAJ eta EH Bildu lehian ariko gara, abertzaletasunaren barruan aurrena nor geratuko.

EAJk maiztasun finko batez egiten al ditu bilerak beste alderdiekin?

Ez. Sorturekin bakarrik dugu harreman mota hori. Gainera, sakondu eta indartu beharra daukagu. Aurreikusten zuena baino gehiago ari zaio kostatzen gaurko egoerara egokitzea. Baina apustu demokratiko eta baketsuen aldeko apustua egin zuen, eta lanean segitzen du. Gure babesa du.

Bion arteko hegemonia borroka al dago?

Zilegi da Sortuk hauteskundeetan EAJ gainditu nahi izatea edo EAJk lehen indarra izan nahi izatea. Alderdi politikoak gara. Dena dela, guk Sorturekin dugun harremanari ikusten diot beste konplikaziorik.

Zein?

Sortuk bakegintzaz eta subiranotasunaz badu irizpide propio bat, baina instituzioetako eguneroko gaiak azpikontratatuta bezala ditu EH Bildu koalizioan. Gai haiez gain, egunerokoei buruzko akordioak ere nahi ditugu, baina Sorturen diglosi egoera horrek gauzak zaildu egiten dizkigu. Noizbait oreka apur bat lortu beharko du.

Madrilekiko izan beharreko jarreraz ados jar al daitezke EAJ eta Sortu?

Estatutik ezer gutxi espero dezakegu. Birzentralizazio politika bat egiten ari da PP. Beraz, orain lehentasuna autogobernu txostenak izan behar du. Gai izan behar gara oreka puntu bat lortzeko, guztiok ordezkatuta sentitu gaitezen, eta hortik aurrera ikusiko genuke nola defenditu euskal erabaki esparru bat. Ea zer indar dugun eta zer pauso ematen ditugu.

Euskal gizartearen gehiengoak nahi al du abertzaleen arteko akordiorik?

Gaur egun, ekonomia da euskal gizartearen kezka nagusia. Azkenaldian galdu duen ongizatea berreskuratu nahi du. Politikoki, zer? Hemen ez dago Kataluniako eta Eskoziako egoerarik; ilusioaz eta babes sozialaz ari naiz. Gertatzen da hemen duela lau egun arte indarkeria egon dela eta denbora beharko dugula bizikidetza erdiesteko. Bestalde, lurraldetasun arazoa dugu. Katalunian hori konpondua dute, adibidez. Hori hemen oraindik ezinezkoa da, Nafarroako eta Iparraldeko kasuak ditugulako.

EAJ-Sortu bileratan aipatu al da lurraldetasuna?

Bai, baina gainetik. Erabaki esparru bat osatzen du Nafarroak. Beraz, Nafarroa nafarrek nahi dutena izango da. Sortuk bat egiten du horrekin, esan digunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.