Hobeki udal elkarteak hondakinak sortzeagatik ordaintzeko sistemen inguruan Berastegin (Gipuzkoa) antolatutako jardunaldian hitzaldia eman du Maria Calaf (Bartzelona, 1980) ENT fundazioko hondakinen kudeaketako aholkulariak. Udal ordezkariak animatu ditu, sistemak ordainketa modu justuagoa ezartzen laguntzen baitu. Euskal Herrian toki gutxitan aplikatzen da oraindik sistema hau.
Kutsatzen duenak ordaintzen duelako leloa asko aipatzen bada ere, hondakinen kudeaketan gutxi aplikatzen da. Hondakinak sortzeagatik ordaintzeak hori ezartzen lagun dezake?
Printzipio hori aplikatzeko eta kostuen banaketa justuagoa ezartzeko aukera ematen du sortzearen araberako ordainketa sistemak. Hots, zergapetzen ditu hondakinak sortu eta bereizten ez dituztenak, eta, bereizi arren, gehiago sortzen dutenak. Beraz, nahi ez diren bi jarrera horiek zigortzen ditu: ez bereiztea eta hondakin asko sortzea.
Garbi dago sistema justua dela, baina praktikan oso gutxi aplikatzen da. Zergatik?
Tasa justu edo hondakinak sortzeagatik ordaintzeko sistema hau zabaldu ahal izateko, bilketak erabiltzailea identifikatzeko modua eman behar du. Bakarrik bi modu daude horretarako aukera ematen dutenak: atez ateko sistema eta edukiontzi itxi eta inteligenteena. Legez ez da derrigorrezkoa sistema horiek ezartzea. Orain, hondakinen eta lurzoru kutsatuen 2022ko legeak jaso du hondakinak sortzeagatik ordaintzeko sistema, baina aukera gisa, derrigortu gabe. Horregatik, eredu horiek ez daude zabalduta. Azkenik, egon beharko luke pizgarriren bat halakoak sustatzeko. Katalunian, bai, laguntzen ari dira, eta zabaltzen ari da, pixkanaka.
Atez atekoa eta edukiontzi inteligenteen bidezko sistemen artean, zein duzu nahiago?
Zalantzarik gabe, ordainketa sistema hauek ezartzeko, atez ateko bilketa da onena. Eredu praktiko gehienak sistema horren bidez egiten dira nazioartean eta estatuan. Edukiontzi inteligenteena askoz gutxiago zabaldu da. Horrek ez du esan nahi ez dutela funtzionatzen. Dauden esperientziek emaitza onak dituzte, baina emaitzarik onenak atez ateko sisteman izaten dira.
Nola ezartzen da ordainketa sistema, neurri fiskalen bidez edo hondakinak utzi ahala prezio bat ezarriz?
Eredu asko daude, eta tokiko erakunde bakoitzak bere egoerara egokitzen du. Atez atekoaren kasuan, ontziek takik —identifikazio sistema elektroniko bat— ez zutenean, gehien zabalduta zegoen eredua zen aldez aurreko ordainketan oinarritutakoa. Hau da, errefuserako poltsak hartzean ordaintzen du erabiltzaileak. Beste aukera bat da ontziak erabiltzailea identifikatzea; kasu horretan, zenbatzen da zenbat aldiz atera den ontzia, eta horren arabera ordaintzen da. Kasu horretan, hobaria ezar dakioke organikoaren ontziari, eta zamatu errefusarena, eta baita ontzi arinena ere.
Eta edukiontzien kasuan?
Esperientzia gutxi den arren, hobariak ezartzen dituzte normalean, organikoa eta errefusa itxita egoten baitira, eta gainerako guztiak, irekita. Orduan, organikoari hobaria jartzen diote, eta gero joaten dira errefusaren gaineko ordainketak ezartzen. Hor kontua da errefusaren entregak kontrolatzea, ihesik egon ez dadin irekita dauden beste edukiontzietara. Atez atekoan ez da halakorik hain erraz gertatzen, gai bakoitza etxebizitzaren atarian jasotzen delako eta ez dagoelako edukiontzi irekirik.
Gipuzkoan badira hondakinen gaikako bilketa tasa handia duten herriak. Zer ekarpen egingo luke, kasu horietan, sortzearen arabera ordaintzeak?
Lehenik eta behin, kostuen esleipen justua ezartzen lagunduko luke. Hau da, bilketa ondo egiten duten eta hondakin gutxiago sortzen duten erabiltzaileek gutxiago ordainduko dute. Bestetik, bilketan hobekuntza txikiak ekarri ohi ditu, eta gaikako bilketaren portzentajea puntu batzuk hobetu. Halaber, errefusaren bilketa are eta gehiago gutxitu ohi da.
Zubietako erraustegian, %90eko tasa finko baten bidez ordaindu behar dute mankomunitateek. Ez dirudi sistemarik onena gaikako bilketa sustatzeko.
Ordainketaren zati handiena finkoa izateak ez du laguntzen pizgarri moduan udalek ahalik eta gehien bil dezaten gaika edo hondakin tona gutxiago bidal dezaten erraustegira. Ez zait bidezkoa iruditzen. Tarifa aldakorra txikia bada ere, pizgarri ekonomiko moduan ere erabil daiteke, baina askoz ere pizgarri handiagoa litzateke tasa aldakor hori %50 ingurukoa balitz.
Pentsatu ohi da bilketa sistema eraginkor hauek ezin direla ezarri dentsitate handiko hiriguneetan. Zer esango zenuke?
Ez dela egia. Europako zenbait hiritan —Munich, Berlin...—, eta munduko metropoli handi batzuetan —San Frantzisko, Seul...— atez ateko bilketa sistemak dituzte. Aurreiritzi hori eduki dezakezu ez badituzu ezagutzen esperientzia horiek, baina errealitateak erakusten du lasai asko antolatu daitekeela atez atekoa hiri handietan ere.
Katalunian aurreratu da gehien hondakinak sortzeagatik ordaintzeko sistemak ezartzen. Zer ondorio aterako zenuke?
Lehen ondorioa da atez ateko sistemei ezarri zaiela ordainketa sistema hori. Edukiontzi inteligenteei dagokienez, materia organikorako erabiltzen den kasu bakanen bat dago. Ikusi dugu murrizten dela diruz zigortzen den hondakin zatia, bereziki errefusa eta ontzi arina; eta hiru eta zortzi puntu artean hobetzen dela gaikako bilketa. Ematen du kostuen banaketa justuagoa ezartzen dela, eta herritarrak, azkenean, ados agertzen direla horrekin. Ikusten dugu ere Katalunian zabaldu ahala, inguruko herrietan interesa pizten dela eta zabalduz joaten dela.
Nola eragiten du datuen babeserako legeak sistema hauek ezartzen direnean.
7/2022 Legeak lehentasuna ematen die sortzearen araberako ordainketa sistemei. Edonola ere, jartzen dituzunean edukiontzi inteligenteak edo erabiltzailea identifikatzen duten atez ateko sistemak, aintzat hartu behar da datuen babeserako araudia, Europakoa eta Espainiakoa. Erabiltzailea derrigorrez jarri behar duzu sistema horien jakinaren gainean. Ez du zertan ados egon, nahikoa da informatzea.
Normalean halako sistemak jarriko dira bilketa eraginkorrak dituzten herrietan, ezta?
Hori da. Normalean hondakinen atez ateko sistemak dituzten herrietan edota edukiontzi itxiak dituztenetan hasten dira. %20ko tasa dutenek %80ra jauzi egiten dute, gaikako bilketa eraginkorragoak ezartzen dituztenean. Hondakinak sortzeagatik ordaintzeko sistemak jartzean jauzi txikiagoa lortzen dute horretan, baina kostuen banaketa justuagoa bermatzen dute.