SOS Arrazakeria elkarteak, Donostiako operazioa gaitzetsi, eta etxegabeen aldeko politikak eskatu ditu

Elkarteak salatu duenez, 32 lagun kanporatu dituzte dituzte Donostiako Moraza kaleko eraikinetik. Arrazakeriaren kontrako taldeak dei egin die instituzio publikoei babesgabeen, migratzaileen eta autoktonoen aldeko politikak sustatzeko; bereziki etxegabeen aldeko politikak bideratuz.

Moraza kaleko eraikina husteko operazioa, Donostian. GORKA RUBIO, FOKU
2019ko abuztuaren 19a
09:35
Entzun

Kanporatzea 08:00etan hasi da. Donostiako Udaltzaingoa eta Ertzaintza Moraza kalean sartu dira, erdigunean, etxe okupatu okupatu bat husteko. Antza, eraikinean berrogei lagun inguru bizi dira, eta ordu hartan 32 zeuden barruan; besteak Polizia iritsi aurretik atera direla esan dute albiste agentziek. Poliziek osasunari eta segurtasunari buruzko argudioak eman dituzte operazioa abiatzeko. Espainiako Polizia ere han izan da, paperik gabekorik ote zegoen ikertzeko, eta zortzi pertsona eraman ditu paperik ez izateagatik. Pertsona bat atxilotu dute operazioan.

SOS Arrazakeria taldeak salatu duenez, erakundeek segurtasun faltaren argudioa erabili dute "jakin badakitelako iritzi publikoak ontzat joko duela". Hala, adierazi dute erakundeek okupazioaren aurpegi ilegala bakarrik nabarmentzen dutela: "Berdin zaie eraikin oso bat urteetan hutsik egotea, nahiz eta sektorerik babesgabeenek etxebizitza eskasia pairatu. Era berean, ez dute inolako alternatibarik proposatzen, nahiz eta jakin badakiten gizartearen parte horrek oinarrizko beharrak asetzeko benetako zailtasunak dituela".

Elkartearen arabera, polizia bideek gogortu egiten dute babesgabeenen kontrako zigorra. Gainera, salatu dute horietako hainbatek diskriminazio bikoitza sufritzen dutela; izan ere, Atzerritarren Legeak eragiten dienez, ezin dira lan munduan sartu. Hori dela eta, dei egin die erakundeei babesgabe, migratzaile eta autoktonoen aldeko politikak sustatzeko; bereziki etxegabeen aldeko politikak bideratuz. "Indarkeria erabiltze hutsak min ematen die gazteei", adierazi dute, eta, horrekin batera, "publikoki kriminalizatu egiten ditu, arazoak korapilatu egiten ditu eta hitzaldi publiko asko ezerezean uzten ditu".

Duela bi urte okupatu zuten etxea. Etxebizitzaren jabeek ez dute eskatu etxea husteko, baina albiste agentziek diote segurtasun arazoak zeudela, eta ondoko etxeetako bizilagunak kexu zirela gertatzen ziren delituengatik. Abuztuaren 4an, 18 urteko neska batek salatu zuen etxe horretan bortxatu egin zutela.

Donostiako Udalak txosten bat egin zuen duela hilabete batzuk, eta epaileari aurkeztu zion. Argudiatu zuen segurtasun eta osasun arazoak daudela etxe okupatuan, eta husteko agindua eman zezala eskatu zion. Epaileak joan den astean eman zuen agindu hori, eta udalari bidea eman zion husteari ekin ziezaion une egokia zela iruditzen zitzaionean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.