Sostengu handiarekin egingo da, gaur, euskal presoen aldeko manifestazioa

17:30ean abiatuko da manifestazioa, 'Euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, egin dezagun urratsa' lelopeanAlderdi politiko, sindikatu, gizarte eragile eta banako ugariren babesa jaso du

Egin Dezagun Urratsa ekimenaren manifestazio deialdiaren sostengatzaileak, asteon egin duten agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Babes eta sostengu handia izango du gaur Bilbon euskal presoen eskubideen alde egingo den manifestazioak. Babes eta sostengu handia, manifestazioa egin aurretik erakutsitakoa, gaur herritarrek emango duten erantzuna gorabehera.

Izan ere, gutxitan jaso du manifestazio batek gaur egingo denak adinako sostengu askotarikoa. Manifestazio horretarako berariaz sortutako Egin Dezagun Urratsa ekimenaren lanaren eta hark sostengu hori jasotzeko irekitako bideen emaitza da manifestazioa egin aurretik 4.500 eragile eta banakok bat egin izana euskal presoei babesa erakusteko egitasmoarekin.

Azken urte honetan bakegintzari eta normalizazio politikoari begira hainbat alorretan egindako urratsen ondorio ere izan liteke babes horren oinarrietako bat, eta euskal gatazka konponbidera eramateko ekimenen emaitza ere bai, konponbide horretan euskal presoen eskubideak eta haien parte-hartzea ere aintzat hartu beharrekoak direla uste dutenak gero eta gehiago diren seinale.

17:30ean abiatuko da manifestazioa, Aita Donostia plazatik, eta Bilboko kaleetan zehar ibiliko da, Euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, egin dezagun urratsa lelopean.

Lekukoa hartuta

Urteetan urtarrilaren hasieran euskal presoen eskubideen alde Etxerat erakundeak antolatutako manifestazioa egin izan da, baina iaz, lehenbiziko aldiz, debekatu egin zuten protesta hura, eta alderdi politikoak izan ziren, azkenean, deitzaileak. Aurten, Etxerat-ek deitu ohi zuen manifestazioaren lekukoa Egin Dezagun Urratsa ekimenak hartu du. Kultura eta gizarte alorretako Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat pertsona ezagunek manifestu bat prestatu eta martxa antolatu zuten azaroan; hori izan zen ekimenaren abiapuntua.

Euskal jendarteari, nahikoa delako. Egin dezagun urratsa dauka izenburutzat ekimenaren manifestuak, eta bertan, Euskal Herria «aro berri baten atarian dagoela» sinetsita, balizko aro berri horri «arnasa ukatzen dioten» espainiar zein frantziar espetxe politikak errotik aldatzeko eskatzen dute, euskal presoen eskubideak errespetatzeko eskatzen dute eta oraingo etenik gabeko eskubide urraketa bertan behera uzteko. «Beren-beregi eraikitako kartzela sistema ankerrena» erauzteko, alegia.

Azken atxikimendu eta deiak

Eta manifestuarekin eta manifestazioarekin bat egin dute milaka eragile eta banakok. Asteotan, agerraldi publikoetan azaldu dira, edo ekimenaren webgunean eman dute izena edo jarri dituzte argazki eta bideoak.

Abertzaleen Batasuna, Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta ezker abertzalea; ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru; Etxerat, Lokarri, Lau Haizetara, GazteHerria, Torturaren Aurkako Taldea, Askapena, Euskal Herriak Bere Eskola eta Bilgune Feminista, besteak beste, batu dira deitzaileekin. Nazio, lurralde eta herrietako elkarteak ere bai, diasporatik ere jaso dute babesa eta ordezkaritza bat ere izango da Bilboko manifestazioan; nazioarteko sostengua ere jaso du ekimenak.

Eta manifestaziora joateko deiak azken unera arte ari dira iristen. Atzo Askapenak, ABk eta Diasporako Independentistek (Argentina, Txile, AEB, Mexiko eta Uruguaikoak) egin zuten bertaratzeko deia.

Euskal presoak, bisitarik gabe

Euskal presoek gaur eta bihar ez dute bisitarik jasoko, haien senide eta lagunek Espainiako eta Frantziako espetxeetara bisitan joan beharrean Bilboko kaleetan egotea erabaki dutelako,«750 preso politikoen lekukoa» gaurko manifestazioan ikus dadin.

Presoek beraiek ere manifestazioan nolabait parte hartuko dute. Hainbatek gaur espetxeetan beren kasa ekimenak egingo dituzte, Bilboko protestarekin bat egiteko helburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.