Hezkuntza

Steilasek salatu du hirurehun familia tokirik gabe geratu direla Haurreskolak partzuergoko zentroetan

Sindikatuak adierazi du hiriguneetan, bereziki «eskola pribatuak» dauden tokietan, eskabidea egin duten hainbat sendik ez dutela izango haurrak eramateko erarik heldu den ikasturtean

jarraia230355.jpg
arantxa iraola
2023ko uztailaren 6a
12:53
Entzun

Steilas sindikatuak ohar bat zabaldu du, Haurreskolak partzuergoko matrikulazio kanpainaren harira. Gogor kritikatu du EAJren jarrera: «Eusko Legebiltzarrean Haurreskolak partzuergoko doakotasuna eta matrikulazioaren igoera bolo-bolo zabaldu ditu, etekin politikoa ateratzeko asmoz». Izan ere, sindikatuaren arabera, ez da hartu zentroak indartzeko neurririk; kontrara, aurkako «noranzkoan» doazen neurriak hartu dira, eta horra ondorioa: «Hirurehun familia inguru gelditu dira ikaspostu gabe. Non eta haur eskola pribatuak dauden lekuetan».

Hezkuntza Sailak hartutako neurriak daude, sindikatuaren arabera, datu horren atzean. «Doakotasunarekin batera, ikasleak onartuak izateko baldintzak gogortu ditu, eta zerbitzuko ordutegiak murriztu ditu. Neurri horiekin, Hezkuntza Sailaren helburua da datorren ikasturtean langile kopurua ez handitzea, zerbitzua murriztearekin batera».

Egoera arrunt bestelakoa izan zitekeela nabarmendu du sindikatuak: «Europatik jaso ahalko liratekeen 11 miloi euroei uko egin ziela azaldu zuen Urkulluk Eusko Legebiltzarrean, 0-1 urteko haurrentzat ikaspostu publiko nahikoa zeudela argudiatuz». Martxoan, erabaki horrekiko desadostasuna adierazi zuen sindikatuak, eta kritikak erabateko zentzua zuela gogoratu nahi izan dute: «Orain, ikasle onartuen behin-behineko zerrendak argitaratu direnean, gure susmoak berretsi dira». Gabeziak horren erakusgarri direla uste dute: «Hiriguneetako Haurreskoletan ez dago behar beste ikaspostu, eta itxaron zerrendak luzeak dira».

Sindikatuak orain arteko eskeak berretsi nahi izan ditu horregatik. Baga: «Hiriguneetan eta herri handietan Haurreskolak partzuergoko eskaintza handitzea». Biga: «2023-24rako ikasleak onartzeko baldintza guztiak bertan behera uztea». Higa: «Partzuergoko zerbitzua kalitatezkoa izan dadin, behar beste hezitzaile eta kudeaketa langile kontratatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.