LAURENT GBAGBO. Botereak itsututako gizona
Demokraziaren printzipioak defendatuz heldu zen presidentetzara 2000. urtean Laurent Gbagbo (Gagnoa, 1945). 11 urte geroago, bunker batean gordeta eta aurkariek inguratuta dago, boterea utzi nahi ez duelako. Demokraziaren printzipioak ahaztuta, ezin izan du onartu herritarrek, bozen bitartez, Alassane Ouattara oposizioko hautagaia aukeratu izana.
1960tik 1993a bitartean iraun zuen Felix Houphouet Boigny presidentearen agintaldian atxiloketak eta erbestea ezagutu zituen Gbagbok. Izan ere, demokraziaren eta alderdi aniztasunaren aldeko defendatzaile sutsua zen garai hartan. Boli Kostako Frontea alderdi sozialista ere berak eratu zuen, 1982an. Boterera heldu zenetik, ordea, ordura arte defendatutakoaren aurkakoa egin du. Sei aldiz atzeratu ditu presidentetzarako bozak, eta ez ditu emaitzak onartu. Azkenik, arma bidez kanporatu behar izan dute.
ALASSANE OUATTARA. Ibilbide luzeko hautagaia
Lehen ministro izan zen Alassane Ouattara (Dimbokro, Burkina Faso, 1942), Felix Houphouet Boigny presidentearen garaian. Ekonomia onbideratzeko hartu zuen orduan teknokrata zena. Boignyren heriotzarekin, baina, botere nahia piztu zitzaion Ouattarari.
2000. urtean ez zioten bozetara aurkezten utzi, bere gurasoak ez zirelako Boli Kostan jaiotakoak; legeak hala agintzen zuen orduan. Hori horrela, Laurent Gbagbok hauteskundeetara deitu arte itxaron behar izan du presidentetzara heltzeko. Azaroan egin zituzten bozak.
Bozen bidez zegokiona, baina, armen bidez lortu du azkenik Ouattarak. Izan ere, Gbagbok uko egin zion boterea uzteari. Herritarren erabakiari esker zilegi zitzaiona eskuratzeko, ordea, zilegi ez direnak ere egin ditu Ouattarak, azken egunotako erasoetan, NBEk bi bandoek giza eskubideak urratu dituztela salatu baitu.