Su-etena Arabako ehiza barrutietan

Ehiza barrutien erantzukizun zibileko aseguruei sariak garestitu dizkiete, eta, Araban, horrek bildu ditu ehizaren inguruko eztabaida guztiak, baita egungo egituraketa kolokan jarri ere.

Ehiztari bat, eperra ehizatzeko garaian. JON REJADO.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Behin-behineko barealdia dago Arabako ehiza barrutietan. Azken hilabeteetan foru aldundiaren eta Arabako Ehiza Barrutien Elkartearen (AEBE) arteko harremana tenkatuz joan da arazo ekonomikoen ondorioz. Hordagoa ere jo du elkarte horrek: probintziako barrutien kudeaketari uko egitearekin mehatxatu zuen, eta Araban ordezkaritza handiena duen ehiza barrutien elkarteak da. Ordea, aldundiaren bitartekaritzarekin, egoera bideratu egin da behin-behinean.

Ehizakiek laboreetan eragiten dituzten kalteak, guarda zerbitzua, ehiza larriko zein xeheeko animalien kudeaketa... Ehiza barrutien kudeaketaren inguruan eztabaidagai asko daude. Ordea, azken hilabeteetako zalaparta ehiza barrutiek izan behar duten erantzukizun zibileko aseguruaren bidetik heldu da, edo, hobeto esanda, aseguru hori ordaintzeko zailtasunaren bitartez.

Animaliek Arabako errepideetan eragiten dituzten istripuak ehiza barrutien erantzukizuna dira 2008. urteko maiatzaz geroztik. Istripu horiek etengabe gehitu dira azken hamar urteetan: 1998. urtean ehun istripu inguru gertatu ziren, eta iaz, 290. Igoera horrekin, aseguru etxeek ehiza barrutien erantzukizun zibileko saria garestitu dute, eta horrekin sortu da arazoa.

Sari berriari aurre egin ezinik, AEBEk dirua eskatu zion Arabako Aldundiari, emandako zerbitzuen truke ustez ordaindu gabe zegoen dirua. Aldundiak ukatu egin zion eta, asegurua ordaintzeko zailtasunak direla eta, maiatzaren 4an AEBEren barruko kirol elkarteek ehiza barrutien ardura hartzeari uko egitea erabaki zuten.

Akordioa, zatituta

Mehatxua bete baino egun bat lehenago, maiatzaren 11n, Arabako Foru Aldundiak banan-banan hitz egin zuen barrutietako arduradunekin, eta aseguru etxeen proposamenak jakinarazi zizkien. AEBEko presidente Teofilo Ruiz de Viñasprek ez zuen onartu, bere ehiza barrutiaren kudeaketari uko egin zion, eta, ondorioz, presidente kargua utzi zuen.

Bestalde, aldundiak probintziako ehiza barrutien beste elkartearekin akordioa lortu zuen, Ehiza Elkartearekin. Iragan astelehenean sinatu zuten hitzarmena, hiru ildotan: erantzukizun zibileko asegururako laguntza, kudeaketa lana eta guarda zerbitzua. Aldundiak aseguruaren %75 ordainduko dio, baina 25.000 euro gehienez. Muga hori elkartearen barruan dauden barrutiek duten eremuaren arabera zehaztu du aldundiak. Horretaz gain, ehiza barrutiak kudeatzeko, 8.300 euro inguru ordainduko ditu, eta guarda zerbitzuaren kostuaren %70, edo, gehienez, 20.000 euro.

Arabako Aldundiak nabarmendu du horrelako laguntza ematen duen erakunde bakarra dela, eta ehiztariek ehiza barrutien bidez egiten duten lana «aitortzeko» modua dela hori. Bide batez, aldundiak gainontzeko ehiza barrutiei eskaintza bera egin die. 108.000 euro gorde ditu aseguruekin laguntzeko, betiere Ehiza Elkartearekin lortutako baldintza bertsuetan bada, hau da, aseguruaren %75 ordaintzea, baina ehiza barruti bakoitzaren eremuaren araberako muga bat ezarrita. Ordea, zenbait ehiztarik banakako aseguru horiek sektorea «banatzeko» ahalegintzat jo dituzte.

Kontzejuak, erne

AEBEk ehiza barrutiak kudeatzeari utziko ziola jakinarazi zuen arren, hori egun batetik bestera ezin dela egin gogorarazi du Juan Jose Betolazak, Arabako Kontzejuen Elkarteko idazkariak. Barrutietan ehizatu ahal izateko, bertako baliabideak kudeatzeko, kontratu bat sinatu behar dute barrutiaren jabe den herriarekin. Hortaz, ardurari uko egin nahi badio, herriaren oniritzia behar du jabeak, alde bakar batek ezin duelako kontratua eten.

Orain arte, kontratua eteteko zortzi eskaera jaso dituzte kontzejuek, eta beste bi kasutan, ehiztariek ez dute berritu nahi izan kontratua. Ehiztarien kirol elkarteek barrutiei uko egin dieten kasuetan, barrutia herrien ardurapean geratu da, eta, ondorioz, hango animaliek eragindako istripuen kalteen erantzukizuna hartu dute.

Zenbait herrik ehiztariekin sinatutako kontratua berrikus dezaketen arren, Betolazak nabarmendu du AEBEk egindako aldarrikapenarekin bat egiten dutela. «Arazo nagusia kudeaketa zinegetikoa da, eta, gure ustez, ez dira modu egokian egiten ari; animalia gehiegi dago, eta, ondorioz, istripuak ere gehitu egiten dira». Aldundiak, ostera, ehiztarien erantzukizuna dela adierazi du, zehaztutako ehizaki kopurua ez dutelako ehizatzen. Dena den, behin-behineko barealdia heldu da Arabako ehiza barrutietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.