"Euskaldunak gara, eta euskaltzale.
Euskal Herri askeagoa eta bidezkoagoa dugu amets,
pertsona librez osatutako Euskal Herria,
aniztasunean elkarlana izanik xede.
Euskal kulturgintzak eta euskarak bezalaxe,
eraso handiak jasan ditu Euskal Herriak
estatu espainiarraren eta frantsesaren aldetik.
Guk aitzina nahi dugu egin, aurrera egin,
eta horrexegatik gaude hemen,
su-etenaren alde,
ETAren jarduera armatuaren aurrean
su-etena bihurtuta aldarrikapen,
eraginkorrago erantzun dezagun,
eraginkorragoak izan gaitezen."
Adierazpen horixe irakurri du Txema Auzmendi kazetari eta jesulagunak Su-etenaren Aldeko Ekimenak antolatuta Martin Ugalde Kultur Parkean batu diren euskal kultur eta gizarte arloetako ehundik gora eragileen izenean. Hain zuzen ere, Euskal Herriak aurrera egiteko ETAren su-etena "eragingarria" izango litzatekeela nabarmendu nahi izan dute, batik bat, euskal herritarren arteko zatiketak arinduko lituzkeelako.
Iñaki Mendiguren idazle eta itzultzailea eta Ana Urkiza idazlea izan ditu lagun Auzmendik mahaian, eta atzean, berriz, beste 60 bat lagun, guztiak ere euskal kultur eta gizarte arloko jende ezaguna —ekitaldiarekin 113 pertsonak egiten dute bat, baina haietako askok ezin izan dute Martin Ugalde Kultur Parkera hurbildu—. Besteak beste, han izan dira Joxe Iriarte 'Bikila' idazle eta Zutik-eko kidea, Mikel Markez kantaria, Joni Ubeda Bide Ertzean taldeko musikaria, Jean Louis Davant idazlea, Pello Zabala frantziskotar eta metereologoa, Emilio Lopez Adan 'Beltza' mediku eta idazlea, Pantxoa eta Peio kantariak, Elixabete Garmendia kazetaria, Andolin Eguzkitza idazlea, Teresa Lopez de Muniain aktorea eta Josu Iztueta bidaiaria.
Han egon ez direnen baina ekimenari atxikimendua agertu diotenen zerrenda ere luzea da: besteak beste, Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' idazle eta irakaslea, Pako Aristi idazlea, Patxi Zubizarreta idazlea, Jon Alonso idazlea, Iban Zaldua idazlea, Gerardo Markuleta idazlea, Gorka Torre 'demo'-a zein Jabier Muguruza musikaria.
Ospakizun girokoa izan da, gainera, ekitaldia. Hain zuzen ere, Auzmendik guztien artean adostutako idatzia irakurri ostean, ekimenarekin bat egin dutenetako batzuk beren ekarpena egin nahi izan dute. Hala, Pantxoa eta Peiok zein Mikel Markezek kantu bana abestu dute, Ana Urkiza idazleak bere testu bat irakurri du, Andolin Eguzkitzak Kavafisen poema bat… Andoainen egoterik izan ez duten batzuk, berriz, beren lanaren bidez parte hartu nahi izan dute. Esaterako, Joseba Zulaika antropologo eta Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen ataldeko arduradunak idatzi bat bidali du ekitaldian irakurtzeko.
Euskal Herriko gatazka
Su-etena eskatu diote ETAri euskal kultur eta gizarte arloko hainbat eragilek
Iragan irailaren 16an ETAri menia eskatu zioten 'Su-etenaren aldeko ekimenean' batu ziren hamabi herritarrek. Ordutik hona zabaldu egin da haien ekimena, eta gaur arratsaldean euskal kultur eta gizarte arloan ezagun diren 60 bat lagun batu dira Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean orduko eskaera hura berritzeko: hots, ETAren su-etena galdegiteko. Besteak beste, Txema Auzmendi kazetari eta jesulagunak, Joxe Iriarte 'Bikila' Zutikeko kideak, Mikel Markez kantariak, Jean Louis Davant idazleak eta Pello Zabala frantziskotar eta metereologoak parte hartu dute ekimenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu