Presoak

Su-etenaz geroztik Euskal Herrian dagoen "biolentzia bakarra" estatuena dela dio Askatasunak

Itxaropen garai bada ere, Espainiak eta Frantziak "errepresio bide guztiak" zabalik mantentzen dituztela salatu du gaur Bilbon Juan Mari Olano Askatasuneko bozeramaileak. ETAk su-etena iragarri zuenetik "Euskal Herrian bizi dugun biolentzia bakarra estatuetatik datorrena da, ez dago gehiagorik", azpimarratu du. Bi Estatuek "iraganeko klabeetan" jokatzen jarraitzen dute Askatasunaren ustez.

2006ko abuztuaren 4a
17:49
Entzun
Bi estatuek zabalik dituzten hainbat errepresio bide zerrendatu ditu Olanok. Batetik salatu du indarrean duten espetxe politika bereziki euskal presoentzat egindako dela eta Euskal Herrian une honetan "okupazio militarra izugarria" dela. Gainera gogorarazi du oraindik indarrean direla legez kanporatzeak. Horren ondorioz eta baita errepresioak eraginda ere gizarte sektore zabal bat baldintzatuta dagoela nabarmendu du. Era berean, adierazpen askatasuna irizpide politikoen arabera erabiltzen dela salatu du Olanok eta torturen praktikak bere horretan jarraitzen duela. Horiek guztiak kontuan hartuta Olanok nabarmendu du "etorkizuneko klabe politikoetan" aurrera egiteko garaia dela.

ETAren su-etenaz geroztik "frustrazio maila areagotzen eta prozesua geldotzen ari dela" azaldu du Olanok eta nabarmendu du Askatasunaren iritziz, oraindik alderdien interesen arabera jokatzen da. Olanoren hitzetan, prozesuak aurrera egin dezan oinarri sendoak behar direla uste du gizartearen gehiengoak. Besteak beste, Euskal Herriaren aitortza politikoa eta erabakitzeko eskubidearen errespetua.

Lanerako prest

Bide honetan eragile guztiek parte hartzea beharrezkotzat jotzen du Askatasunak. Ezinbestekoa da baita ere errepresio mota guztiekin amaitzea eta horregatik eskatzen dute euskal presoen Euskal Herriratzea. Olanok azaldu du, gatazkak "itzulezinezko" ondorio asko utzi dituela baina badirela beste ondorio asko itzulbidea dutenak. Horiei irtenbidea emateko prest dauden guztiekin lan egiteko pronto dago Askatasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.