Donostian, ehunka herritarrek mapa sinboliko bat osatu zuten atzo oinez, bizikletaz eta arraunean. Horrekin aditzera eman nahi izan zuten asteburu oro sakabanaketaren ondorioak jasaten dituzten familien sufrimendua eta espetxe politika hori amaitzeko beharra. Gogora ekarri zutenez, sakabanaketak ez du ideologiarik, ez du adinik, «edonork jasan dezake». Giza eskubideen urraketa den heinean gizarte osoari dagokion auzia dela nabarmendu dute, «elkarbizitzarako bidean, eskubideen urraketa oro baita guztientzako oztopo».
Euskal Herri osoan beste hainbat mobilizazio egin zituzten presoei elkartasuna adierazteko: Arrigorriagan, frontoian elkarretaratu ziren, eta salatu zituzten 70 senide deklaratzera deituak izan direla. Berriozarren, S erraldoi bat marraztu zuten sakabanaketa salatzeko. Anoetan, Hernanin eta Villabonan ere sakabanaketaamaitzeko sarea zabaldu zuten. Iruñeko Iturrama, Donibane eta Arrotxapea auzoetan informazio mahaiak jarri zituzten.
Gaur ere beste hainbat mobilizazio egingo dira. Adibidez, Durangaldean, auto ilara bat osatuko dute 11:00etan Otxandiotik hasita. Gasteizen, 12:30ean elkartuko dira, Andre Maria Zuriaren plazan. Duela urtebete sortutako Sare mugimenduak antolatu ditu asteburuko mobilizazioak. Lehen urratsa herenegun egin zen Bilbon. Jose Morales Sareko kideak lehentasunezkotzat jo zuen euskal presoak sakabanatzeko politika amaitzea.
Berriozarren, Lasterbidean
Atzo, Iruñeko Udaletxe plazan aurkeztu zuten Lasterbidean presoen eta erbesteratuen aldeko elkartasunezko lasterketa. Aurreko bi urteetan, Larrabetzun eta Oiartzunen egin da, eta aurten, Berriozarren egingo da ekainaren 7an. Atzo, hainbat lagunek, lasterketaren kamiseta soinean eta kartela eskuetan, oroitarazi zuten Berriozarko aldapa eta kaleetanpreso eta erbesteratuak Euskal Herriratzeko borondatea islatuko dela, «modu koloretsuan».
Sufrimenduaren mapa osatu dute
Mobilizazio ugari egin dira sakabanaketa salatzeko eta presoei elkartasuna adierazteko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu