«Garai politiko berria» nabarmen gelditu zen atzo Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa). Urtero bezala, Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Diputazioko ordezkariak Loiolan izan ziren udal korporazioarekin batera, prozesioan. Urtero bezala, presoen eskubideak aldarrikatuz Etxerat-ek deitutako elkarretaratzea ere han zegoen. Inoiz ez bezala, ordea, diputatu nagusia eta alkatea haiei babesa ematera joan ziren. Martin Garitano ahaldun nagusia eta Eneko Etxeberria alkatea, biak Bildukoak, txaloka hartu zituzten elkarretaratzean bilduta zeudenek, eta «eskerrik asko!» ere esan zuen bakarren batek. «Garai politiko berriak» izan arren, «sufrimenduak» ez direla amaitu ekarri zuen gogora Garitanok, eta berehala amaitu beharra nabarmendu zuen. Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua ere Loiolan zen, baina hura ez zen joan Etxerat-ekoengana. Hura mezetara joan zen, beste biak ez bezala.
EAJko, PSE-EEko eta Batasuneko ordezkaritzek 2006an negoziaketak egin zituzten Arrupe Etxearen aurrean jarri ziten Etxerat-ekoak, presoen eskubideen aldeko maindireekin eta ertzainez inguratuta. Ez zieten utzi basilikatik gertuago egoten. Nolanahi ere, lortu zuten beren helburua betetzea. Zelaari, Garitanori eta Etxeberriari euskal presoen egoeraren berri jasotzen duen txosten bana emateko asmoa zuten, eta halaxe egin zuten. Hirurek hartu zieten txostena, modu onean.
Presoen eta haien senitartekoen «sufrimendua» gogoan izan zuen Garitanok. «Berehala bertan behera utzi behar da bizi osorako espetxe zigorra; gaixo dauden presoak kaleratu behar dituzte; eta baldintzapeko askatasunera eman behar zaie dagokienei». Legez kanporatze politikak bere horretan jarraitzen duela ekarri zuen gogora, eta horrek ere amaitu egin behar duela aldarrikatu zuen.
Loiolara batera joan arren, banatuta egin zituzten adierazpenak Garitanok eta Zelaak. Azken hori mezan sartu zenean egin zituen Garitanok, eta elizkizuna amaitu ostean hitz egin zuen Jaurlaritzako ordezkariak.
Bilduri zuzendu zitzaion gainera Zelaa. Urte honetan normalizazio politikora bidean urrats asko egin direla azpimarratu zuen, baina «garrantzitsuena» falta dela: «Bilduk desagertzeko eskatu behar dio ETAri, ozen eta argi». Guztiek «Euskadiren bakea eta askatasuna gozatu ahal izateko» ETAk desagertu behar duela nabarmendu du. Datorren urteko San Inazio egunerako « behin betirako bakea lortzea nahiko lukeela esan du, eta horretarako zer egin behar zuen badakiela esan dio Bilduri. 10:00ak alderako, udal korporazioa instituzioetako ordezkariei arrera egiteko prest zegoen udaletxeko arkupeetan. Eskualdeko beste hainbat herritako alkate eta zinegotziak ere joan ziren. Garitano, Lohitzune Txarola eta Ikerne Badiola Bilduko kideak agertu ziren aurrena, eta haiek ere Zelaari ongietorria egiteko prestatu ziren. Etxeberria alkateak egin zion aurreneko harrera Zelaari; eskua, bi musu eta aginte makila eman zizkion. Gero, zinegotzi guztiak aurkeztu zizkion banaka-banaka. Juanita Jauregi zinegotzi eta Xabier Etxeberria presoaren amak Etxerat-eko zapia lepoan zuela egin zion harrera.
Kalean gora oinez ibilalditxo bat egin zuten, herritar bakan batzuen txalo batzuk entzunaz, bandaren eta txistularien musika lagun zutela. Han, autobus batean sartu eta basilikara joan ziren; ateraino joan ziren guztiak. Gero barrura sartu ziren batzuk, eta kanpoan gelditu ziren besteak.
Jose Inazio Munilla Donostiako gotzainak ere eduki politikodun mezua eman zuen atzo, mezako hitzaldian. ETAk «damua» erakutsi behar duela adierazi zuen, «benetako bakea» lortuko bada. «Irekitako zauriak» ixteko «adiskidetze» bidea egin behar dela gaineratu zuen. Mezan Markel Olano ahaldun nagusi ohia izan zen.
Mezaren ondoren, Arrupe Etxean bertan hamaiketakoa izan zuten. Atzo, agintariak ez ziren berriz plazara bueltatu. Aurreko urteetan hala egin izan dute, eta liskarrak ere gertatu izan dira.
Sufrimenduek amaitu egin behar dutela ohartarazi du Garitanok
«Bilduk desagertzeko eskatu behar dio ETAri, ozen eta argi», esan zuen Isabel Zelaa Jaurlaritzako sailburuak AzpeitianETA «damutzea» eskatu zuen Munillak Loiolako basilikan emandako mezan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu