Suhiltzaile azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute

Nafarroako suhiltzaileen herenak baino gehiago euskaldunak direla esan du LAB sindikatuak, «eta, hala ere, gobernuak gaztelania hutsean prestatzen ditu azterketak».

Suhiltzaileek Cordovillako parkean egin duten protesta. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko urriaren 6a
12:59
Entzun

Nafarroako suhiltzaile zenbaitek azterketa teorikoa egin dute gaur, mailaz igotzeko. Euskaldunak dira probara aurkeztu direnetako asko, baina gaztelaniaz eginarazi diete azterketa osoa. Duela hilabete batzuk, gauza bera gertatu zen suhiltzaile izateko oposizioko azterketan: prozesu osoa erdara hutsean egin behar izan zuten hautagaiek. Hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur Cordovillako parkean (Nafarroa), LAB sindikatuak deituta.

«Mailaz igotzeko probak euskaraz egin nahi ditugu, baina Nafarroako Gobernuak ez dio erantzunik ematen eskaera horri», esan du Mintxo Astiz suhiltzaile eta LABeko ordezkariak. Oposizioko azterketak, lekualdatze lehiaketak eta mailaz igotzeko proba guztiak gaztelaniaz egin dituztela salatu du. «Eskaerak egin ditugu egoera horri konponbidea eman diezaioten, baina ez dugu erantzunik jaso». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, probak gaztelaniaz edo euskaraz egiteko aukera eskaintzen zaie hautagaiei. Nafarroan, «suhiltzaileen herenak» euskaldunak diren arren, gobernuak ez du aukera hori ematen.

Zonifikazioak kaltetuta

Lanpostua Oronoz herrian du Astizek, eremu euskaldunean, eta esan du hor hizkuntza eskakizunak indarrean direla. Ez, ordea, eremu mistoko edo ez-euskalduneko suhiltzaile parkeetan: «Altsasun, Oronozen eta Auritzen kontuan hartzen dute euskararen ezagutza azterketak egiteko garaian, baina Iruñerrira lekualdatzeko, adibidez, ez», esan du. Izan ere, lekualdatze lehiaketa gehienetan, euskara jakiteak ez du punturik ematen; bai, ordea, alemanak, frantsesak eta ingelesak. Nafarroa osoko herritarrek «zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea» dutela gaineratu du Astizek: «Eta hori ez da bermatzen ari».

LAB sindikatuak ohar bidez salatu du «borondate falta» dagoela arazoaren oinarrian: «Suhiltzaile-kabo izateko azterketa teorikoa euskaraz egin ahal izateko, adibidez, nahikoa da galderak eta erantzunak itzultzea. Administrazioak berak erraz egin lezake hori Euskarabidea institutuaren bidez, horretarako borondaterik balego, noski. Baina, zoritxarrez, berriro ikusi dugu ez dagoela halakorik». Nafarroako Gobernuak euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzeari «uko» egiten diola gehitu du LABek: «Bidegabekeria latza da, erabateko diskriminazioa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.