Suizidioak urritzeko tresna berriak sortu ditu Nafarroak

Nafarroako Gobernuak organo bat sortu du suizidio kopurua eta saioak kontrolatzeko.Protokolo berri bat ere aurkeztu du

Nafarroako Itxaropenaren Telefonoko kideak, artxiboko irudi batean. BERRIA.
2014ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Suizidioak gutxitzea, saioen kopurua murriztea, arrisku kasuak atzematea eta biktimen familiei laguntza ematea lortu nahi du Nafarroako Gobernuak. Horretarako, organo instituzional bat sortu du. Gaur egun dituen baliabideak koordinatuko ditu helburu horiek lortu ahal izateko.

Organoa aurkeztearekin batera, protokolo berri bat onartu du. Lehenengoz bildu dituzte hainbat jardunbide: suizidioen inguruan esku hartzeko eta horien prebentziorako egin beharreko urratsak azaltzen dituzte protokoloan. Lankidetza sistema bat ere abian jarri dute, profesional ugari koordinatu ahal izateko; hala nola osasunaren, hezkuntzaren, zerbitzu sozialen eta larrialdi zerbitzuen arloko profesionalak elkarrekin arituko dira lanean. Neurri horiekin, Nafarroako Gobernuak suizidioak ekidin eta kontrolatu nahi ditu, ahal den neurrian.

Protokoloaren garrantzia

«Autonomia erkidego bakar batean ere ez da horrelako protokolorik», esan du Gizarte Politiketako eta Kontsumoko zuzendari nagusi Mariano Otok. Protokoloa «beharrezkoa» dela nabarmendu du; izan ere, buruaz beste egitea da munduko osasun publikoaren arazo larrienetako bat. Bat dator OME Osasunaren Mundu Erakundea: suizidioa identifikatzen du pertsonei eragiten dieten osasun arazo larrienen artean.

Nafarroako Buruko Osasunaren zuzendari Alfredo Martinezek esan du suizidioaz ez hitz egiteko joera dagoela aspalditik, gaia oso «konplexua» delako. Nafarroan, 2012an, bere buruaz beste eginda pertsona gehiago hil ziren auto istripuz baino, eta 2007tik suizidioak eragiten du heriotza ez-natural gehien. Horregatik, gobernuak beharrekotzat jotzen du biztanleria «sentiberatzea». Protokoloan hainbat «mito» ere azaltzen direla esan dute; hala nola bere burua hil nahi duenak ez duela hori inoiz aipatzen. Deia egin du Otok: buruaz beste egiteko ideia duenak jo dezala «laguntza» eske larrialdietara edo Itxaropenaren Telefonora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.