Supermerkatuetako langileek salatu dute txertaketa talde espezifikoetatik atera dituztela

ELA sindikatuak deituta, Eusko Jaurlaritzaren erabakia kritikatu dute Donostian egindako agerraldian. UGT sindikatuak, berriz, «koherentzia» eskatu du funtsezko sektoreetako langileak txertatzeko.

Supermerkatuetako langileek egindako protesta Donostian, ELAk deituta. ANDONI CANELLADA/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko apirilaren 8a
14:20
Entzun

Supermerkatuetako langileak txertaketa plangintzako talde espezifikoetatik atera dituztela salatu dute sektoreko langileek, ELA sindikatuak protesta batera deituta. Donostian egin dute agerraldia, eta adierazi dute Eusko Jaurlaritzak adin irizpideak hartu dituela kontuan supermerkatuetako langileak txertatzeko, eta ez talde espezifikoenak.

Izan ere, txertaketa plangintzan hurrengo taldeko parte badira ere, adinaren irizpideei jarraituko diete haiek txertatzeko, eta, ondorioz, ez dituzte txertatuko gainerako funtsezko sektoreetako langileen erritmoan. Gainera, Jaurlaritzak erabakiaren berri argi eman ez izana ere kritikatu du sindikatuak: «Eusko Jaurlaritzako iturri, txosten eta protokolo ofizialek ez dute aldaketaren berri eman, eta Osalanek ez du horren inguruko informaziorik». 

Aurreko astean Bilbon egin zuten bezala, gaur Donostian salatu dute «Jaurlaritzaren enegarren plangintza aldaketa». ELAk sektoreko langileak talde espezifikoetan sartzea defendatu du, bere hitzetan supermerkatuetako langileak koronabirusaren aurkako «defentsaren lehen lerroan» baitaude. Hori horrela, erabaki aldaketa gaitzetsi du, nabarmenduz «egun batetik bestera» ez dela aldatu beren egoera. 

UGT sindikatuak ere garbiketa, segurtasun eta supermerkatuetako langileen txertaketa lehenesteko eskatu du, Bilbon egindako agerraldian. Azaldu du funtsezko sektoreak badira ere azpikontratatutako enpresak diren heinean beren txertaketa plangintza atzeratu egin dela. Hori horrela, sindikatuak «koherentzia» eskatu dio Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari, eta sektore horietako langileak funtsezkotzat hartzeko exijitu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.