Maixo Pascassio 1972an sortu zen Lapurdin, Donibane Lohizunen. 2009ko apirilaren 18an, Baionako geltokira eraman zuen Jon Anza mutil-laguna. Geroztik, haren heriotza argitzea eskatzen ari da
Lau urte beteko dira Jon Anza desagertu zenetik. Tolosako (Okzitania) epailea inkesta ixtera doa. Zer espero duzue?
Epailea ikerketa ixtera doa, baina ez dakigu noiz. Haren erabakiaren zain gaude. Maiatzean hartu gintuen lehen aldiz. Hitzordu bat jarri zigun Tolosan, eta luzaz egon ginen harekin. Galdera ugari egin zizkigun. Polizia etxean geundela zirudien, etengabeko galdeketari erantzunez. Susmagarriak, gaiztaginak bagina bezala hartu gintuen epaileak, Poliziaren galdeketa balitz bezala. Pentsatzen zuen gauza pila gordetzen genuela. Zalantzan jartzen zituen nire hitzak, baina ez poliziarenak.
Preseski, lehen unetik agerian gelditu dira disfuntzioak.
Baionako prokuradoreak zein Tolosako epaileak, onartzen dute disfuntzio ugari egon direla. Ez digute barkamenik eskatzen, ez dute inkestarik egiten kasua ikertzeko eta argitzeko zer dagoen gibelean. Baionan eskatu genuen Michelle Alliot Marie galdekatzea, Jon desagertu zelarik Frantziako Barne ministroa baitzen, eta agertu zelarik, Justizia ministroa. Ez dugu erantzunik. Kasua Tolosara eraman zutelarik, bertze galdeketa bat eskatu genuen, eta berdin, erantzunik ez. Orain, Christiane Taubira da Frantziako Justizia ministroa. Isiltasuna jasotzen dugu erantzun bakartzat. Mespretxu itxura ere hartzen du horrek. Gure galdera guztiak arraposturik gabe gelditzen dira. Taubirak inkesta egin beharko luke disfuntzio guztiak argitzeko, eta ikertzeko Baionako prokuradoreak egin zuena, Tolosakoak egindakoa, poliziaren jokamoldea, erietxean gertatu zena, pasaportearena.... zerrenda luzea da. Kasu honetan ez dago inongo ardurarik, ez zigorrik, ez dimisiorik.
Denbora igaro zen Jon desagertu eta salaketa jarri bitartean. Zergatik?
Pentsatzen nuen lagun batzuen etxean zela. Aste bete igarota,kezkatzen hasi nintzen, ordua baitzuen Bordeleko erietxean, eta ez zen agertu. Anabeli deitu nion,Jonen arrebari, galdetzeko ezagutzen ote zituen lagunak edo ba ote zekien zein etxetan zegoen. Ezetz erantzun zidan. Kezka handia nuen, baina ez da gure ohituretan sartzen polizia etxera joatea galdetzera. Jon 20 urtez presoa egona zen Espainian, ez zen pertsona arrunta. Bi aste betetzear zirelarik, Maritxu Paulus abokatua ikustera joan nintzen, hark ere ezagutzen zuelako Jon. Ez nekien zer egin. Erran zidan pertsona heldu bat desagertzen delarik ezin dela hura bilatzeko agindurik eman. Bide bakarra zen larrialdia eragiten duen desagertze gisa egitea eskaria. Jonen osasun agiriak eman nizkion, eta bilaketa agindua eskatzeko prozedura prestatzen hasi zen. Tartean maiatzaren lehena eta zortzia egon ziren, besta egunak. Horregatik luzatu zen denbora.
Ordurako ekin zenioten bilaketari?
Sendagilearen ordura huts egin ondoren, deiak egiten hasi nintzen. Tolosako erietxeetara deika eta deika ibili nintzen. Erran zidaten ez zuela balio banan-banan ibiltzea deika, telefono zerbitzu bateratua daukatela, eta, ezezagun bat agertzen delarik, berehala zutela horren berri. Dei hura egin nuelarik, Jon ez zen oraindik agertua karrikan.
Apirilaren 30ean atzeman zuten Jon Anza karrikan, eta X izendapenez sartu zuten erietxera. Ez zen deien arrastorik? Ez zen nehor kezkatu?
Bizpahiru aldiz deitu nuen Purpaneko erietxera, baina Jon desagerturik egon zen hamaika egun horietan izan zen, karrikan agertu aitzin. Pentsatzen dut ez zituztela kontuan hartu aitzineko deiak.
Huts larriak egon dira, horren froga da 2010eko martxora arte ez diotela izena jarri gorpuari.
Ulertezina da. Pentsatzen dut erietxeko zerbitzuek zuzen jokatu zutela Paueko poliziari oharra eginez behin eta berriz, telefonoz, posta elektronikoz, faxez. Poliziak erantzuten zien ikerketak abian zirela. Prokuradoreak, poliziak, ez zuten deus egin. Deigarria da zenbat posta elektronikoz idatzi zituzten sendagileek, erietxeko administrazioko arduradunek. Ustez bilatzen zuten, eta gorpua han berean zegoen.
Erran duzue poliziak toki guztietan bilatu zuela, behar zen tokietan salbu. Iritzi hori duzu?
Erabat. Ikusten duzunean Baionako inkesta, ezin da bertze zerbait pentsatu. Erietxe guztietara bidali zuten oharra faxez edo posta elektronikoz, Bordeletik Miarritzera. Tolosara ez. Erantzun guztiak idatziz ageri dira. Zegoen tokira ez zuten gutunik igorri. Poliziak dio telefonoz deitu zuela eta erantzun ziotela ez zegoela han. Erietxeak ez die sekula erantzuten telefonoz egindako galderei. Prozedura dute, eta idatziz egin behar da eskaria. Poliziak ez ziela deitu dio erietxeak eta sinesten diet. Erietxera sartu zelarik, Jonek tren txartelak zituen. Ebakuntzaren orbaina zeukan buruan. Harritzekoa da ez identifikatzea lehen unetik. Pasaportea ere agertu zen, anonimoki, objektu galduen bulegoan. Hilabeteak pasatu ziren familiari erran aitzin. Disfuntzio gehiegi sinesgarriak izateko. Zerbait dago gibelean. Zerbait gorde nahi digute, eta zer den jakin nahi dugu.
Anza20 urtez preso egona zen. Poliziak haren hatz markak atzeman zituen Senperen agertu zen zulo batean. Sinets daiteke libre utzi zutela, jarraipenik egin gabe?
Ezin diot horri erantzun. Pentsatzen dut hatz markak atzeman bazituen, Jon hurbiletik segituko zuela. Baina nik ez dut sekula jarraipenik ikusi, ez naiz ohartu, ez neukalako horretarako arrazoirik. Ez nuen begiratzen, baina bai, pentsatzen dut segitzen zutela.
2010eko martxoraino berririk ez. Zein zen zure sentipena?
Kezkak jana nengoen. Atzeman arte beti atxiki nahi duzu esperantza, nolabait bizirik agertuko dela nonbait. Beti sinesten duzu hori. Une bereziki gogorrak izan dira. Behin, Baionako poliziak deitu ninduen, gaueko hamar edo hamaiketan, eta erran zidan Bidarrain gizon baten gorpua agertu zela. Tatuaiak zituen, eta Jonek ez. Polizia etxean galdekatu nindutelarik erran nien Jonek ez zuela tatuaiarik. Beraz, deitu aitzin bazekiten gorpua ez zela Jonena. Itxaronaldian arrangura erabatekoa da. Ez da deus aitzinatzen, ez da berririk. Nire mundua eraiki nuen, ez pentsatzeko. Lanean murgildu nintzen, nire baitan. Gauean pentsatzen duzu hilik dagoela, eta ondoko minutuan pentsatu nahi duzu bizirik dagoela. Agian, bizirik. Zurrunbilo bat da, oso bitxia. Familia eta lagunak nirekin egon dira beti, oso babestua sentitu naiz. Esperantza txiki bat atxiki nuen gorpua agertu arte. Oso denbora luzea izan da, oso zaila da. Badakigu hamar egunez bakar-bakarrik egon zela erietxean. Gu han izanez gero Jonekin, azken oren haietan, gauzak aldatuko ziren. Bertze gisa batera biziko genukeen. Ikasi dugu Jon gabe bizitzen, baina ezin ditugu burutik kendu azken ordu haiei buruzko galderak, nola egon den, zer sentitzen zuen, konortea zeukan edo ez, hitz egin ote duen... Bakarrik hil da, txakur baten gisa, eta irudi hori oso gogorra egiten zait.
Hasieratik erran zenuten ez zenutela pistarik baztertzen, gerra zikinaren susmoa ere presente zegoela. Susmo hori duzu orain ere?
Une horretan, denetarik pentsatzen duzu. Edozer izan zitekeen, baita gerra zikina ere, bistan dena. Aurreko gertakariak izan dira, eta Jon desagertu baino aste batzuk lehenago Juan Mari Mujika bahitu zuten. Gertaera bitxia, argitu gabekoa. Denetarik pentsatzen duzu, norbaiten zain ari zarelarik. Orduan genituen galderek ez dute erantzunik ukan. Orduan pistarik ez banuen baztertzen, orain ere ez. Ez dut arrazoirik bertze gauza bat pentsatzeko.
Nola jakin zenuen atzeman zutela Jonen gorpua?
France3 telebistaren bidez. Ez. Bost minutu lehenago, abokatuak deitu zidan, erraiteko Tolosako erietxean gorpu bat atzeman zutela-eta, egiaztatu gabe egon arren, Jonena izan zitekeela. Telebistak erran zuen bera zela, formalki identifikatu gabe egon arren. Sentipen oso berezia izan zen. Jarrita nengoen, baina ez nuen gorputza sentitzen, erortzen nintzela sentitzen nuen, hegan banengo bezala, lurrera joanez. Bertzalde, sentipen mingarria. Atzeman dugu, baina hilik. Itxoiten duzunean, ez dakizu zer gertatzen den. Atzeman zutelarik, galderak erantzuna atzeman zuen. Hor zen Jon. Anai-arrebak eta hirurok joan ginen Tolosako erietxera. Koldo anaiari DNA aztarnak hartu zizkioten, baieztatzeko Jonena zela gorpua. Arin erran ziguten Jon zela. Ez nuen indarrik izan gorpua ikusteko; arrebak ikusi zuen.
Berehala egin zioten autopsia gorpuari, baina zuen konfiantzazko sendagilerik gabe. Zergatik?
Ez genuen autopsiara sartzeko eskubiderik, ez guk, ez konfiantzazko medikuak. Presente egotea eskatu genuen, baina sarrera ukatu eta lagunei negarra eragiteko gasak jaurtikiz erantzun zuen poliziak. Ez dakit nola jokatzen duten horrelako egoeretan, bertze kasuetan uzten duten bertze mediku bat egotea edo ez. Ez dakit zer zuten gordetzeko.
Gorpua agertzeak eskatzen zuen argitzea zer gertatu zen, nola hil zen.
Gorpua atzeman genuen bai, baina zergatik atxiki zuten baldintza horietan, hamaika hilabetez? Zergatik atxiki hainbeste denbora, prozedurak agintzen duelarik lurperatzea edo erretzea hiruzpalau hilabeteren buruan? Zergatik agindu zuten gorpua atxikitzea, ez bazekiten norena zen? Non egon da Jon, desagerturik egon zen hamaika egunetan? Zergatik hainbat disfuntzio, eta zer dago gibelean? Galderek ez dute erantzunik, eta susmoak eragiten ditu. Zer, zergatik, zertarako, nola.... Galderek ez dute erantzunik. Hipotesi guztiak posible dira,eta bat bera ezin da baztertu. Zerbait gorde nahi dute. Gorputzean, hamar hilabeteren buruan, ez dut uste deus atzeman daitekeenik, ez badakizu zer bilatu behar den.
Anza desagertu zelarik, Espainiako polizia ugari zegoen Tolosan. Mujikaren kasua pil-pilean zegoen. Gerra zikinaren hipotesia hobesten duzu?
Ez dut egin nahi prokuradoreak egin bezala, alegia, probarik gabe hipotesi bat hobetsi. Epaileak erran zigun heriotzaren arrazoia ikertuko zuela, ez bertzerik. Desagerturik egon zen hamaika egunetan zer gertatu zen ikertzeko eskatu genion epaileari. Ez zuela eginen erantzun zigun epaileak. Hamaika egun horietan gertatutakoa ikertzeko eskaria nori egin behar genion galdetu zion Anabelek epaileari. Ez bada haren lana ikertzea, zeinek egin behar du, nori eskatu behar diogu ikertzeko? Murruaren aurka gaude, ez dute borondaterik deus argitzeko. Iruditzen zait zigortu nahi gaituztela. Irakurtzen duzularik prokuradorearen tesia, pentsatzen duzu film bateko zuzendariak ez lukeela onartuko horren gidoi txarrik. Baieztapenak egiten ditu, inongo funtsik gabe, hainbat elementu baztertuz, eta arrazoia azaldu gabe. Inkesta egin eta gero, ez dugu erantzunik. Jonen heriotzan ez dugu deus baztertzen, gerra zikinaren hipotesia ere ez.
El Correoegunkariak prokuradorearen tesia eman zuen. Anza ETArekin bildu eta egoera txarrean ikusita, karrikan utzi zutela. Badu oinarririk?
Ez dakit nondik atera dezakeen hipotesia. Inkestan ez dago hori adierazteko frogarik. Ez du oinarririk. Teoriak mila egon daitezke, baina ez du zentzurik. Haiei komeni zaien tesia sortu nahi dute: lehenik, ETAri dirua eramaten ziola eta alde egin zuela diruarekin; gero, Tolosan ibili zela galdurik; eta orain, ETArekin egon dela eta hark utzi duela karrikan. Hipotesi horiek eroriz joan dira, baina egin badituzte, komeni zaielako da. Horrela izan zela sinetsarazi nahi dutelako. Hipotesi horiek ez dute zentzurik. Disfuntzio bat, bi, uler daitezke. Katean gertatzen direlarik, galdera bakarra sortzen da: zer gorde nahi digute?
Anzaren kasuan egia osoa egitea eskatu zenuten. Lor dezakezue?
Hastapenean baino galdera gehiago ditugu. Ni, pertsonalki, beste fase batera pasatu naiz. Gorpua agertu da. Nire etxean hutsik dago Jonen kadira eta horrekin bizi behar naiz. 2009ko apirilaren 18tik 30era zer gertatu zen, ez dakigu. Non egon zen, norekin, nola... Europako gorteraino eramanen dugu, baina urteak hartuko ditu. Ez dut luzera begirapentsatu nahi. Errazagoa zait golpeak banan-banan hartzea.
Maixo Pascassio. Jon Anzaren neska-laguna
«Susmagarriak edo gaiztaginak bagina bezala hartu gaitu epaileak»
Apirilaren 18an lau urte beteko dira Jon Anza desagertu zenetik. Egia egitea eskatu zuen familiak, baina Poliziaren inkestak ez du argitasunik ekarri. Epaileak prozedura itxiko du aurki. Familiaren galderek ez dute erantzunik jaso oraindik, eta samina da horren lekuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu