Susperraldia, argi-ilunez betea

Zentral nuklearrak egiteko egitasmo batzuek indarra hartu arren, elkarte ekologistek nabarmendu dute, gaur-gaurkoz, gobernuen bermerik gabe ez direla errentagarriak.

Jon Rejado.
2014ko irailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erresuma Batuko Gobernuak bi erreaktore egiteko asmoa agertu du. Japoniako Gobernuak erreaktore nuklearrak piztuko ditu, segurtasun neurriak bete ahala. Finlandian erreaktore nuklear bat eraikitzen ari dira. Fukushimako ezbeharra gertatu eta hiru urtera, industria nuklearraren susperraldiaren erakusgarritzat jo dituzte albiste horiek guztiak. Ordea, susperraldia erreala al da?

Iritzi kontrajarriak daude. Raquel Monton Greenpeaceko Kanpaina Nuklearreko arduradunak «mitotzat» jo du balizko susperraldi hori. «Munduan egindako inbertsio nuklearrari buruzko ikerketa bat argitaratu da azken hilabeteetan, eta industria nuklearraren eta haren inbertsioen gainbehera etengabea da». Halaber, gogorarazi du Erresuma Batua dela zentral nuklearrak berritzeko plana duen Europako herrialde bakarra, eta hasieratik arazoak izan dituela.

Foro Nuclearren iritziz —Espainiako industria nuklearra biltzen duen elkartea da—, inoiz ez da beherakadarik gertatu Fukushimako istripuaren ostean. Gaur-gaurkoz 435 erreaktore martxan daudela jakinarazi du, eta beste 71 eraikitzen ari direla. 2011. urtean, Fukushimako istripuaren aurretik, 436 erreaktore zeuden martxan, eta 62 eraikitzen ari ziren. Gaineratu du Espainiako zentral nuklearren «epe luzerako funtzionamendua» ezinbestekoa dela Europako Batasunaren «hiru oinarrizko irizpideak» betetzeko: segurtasuna, lehiakortasunari eta ingurumenari dagokionez iraunkorra izatea.

Francisco Castejon Ecologistas en Accion elkarteko energia nuklearraren arloko bozeramaileak zehaztu du bi alor bereizi behar direla susperraldi nuklearrean. Batetik, eraikita eta martxan dauden zentral nuklearren ustiapen baimena «ahal den beste» luzatzeko asmoa dagoela azaldu du, «Garoñako egoera kasu». Bestetik, zentral berriak egiteko ekinbideak daude. «Oso egitasmo gutxi daude nolabaiteko kontrol demokratikoa duten herrialdeetan».

Castejonek zein Montonek nabarmendu dute zentral nuklear bat egiteko behar den inbertsioa. 6.000-7.000 milioi euro inguru beharko lirateke, Castejonen iritziz, zentral nuklear bat eraikitzeko. Argindarraren merkatua librea denez, inbertsio horren errentagarritasuna kolokan egon daiteke, eta, horren aurrean, industria nuklearrak «araudiaren segurtasuna» eskatu duela azaldu du Montonek. Hau da, ekoizten duten argindarraren prezio egonkorrean erostea nahi dute, epe finko batean.

Hinkley Pointeko egitasmoan (Erresuma Batua) Energie de France argindar konpainia publikoak «araudiaren segurtasun» hori bilatu du gobernuaren aurrean. Montonek azaldutakoaren arabera, hogei urteko eperako salmenta prezio egonkorra bermatuko dio gobernuak: megawatt bakoitzeko 60 eta 100 euro artean. Prezio hori «gehiegikeria» bat dela adierazi du, eta Europako Batasuneko merkatu librearen araudiaren aurka doala. Europako Batzordea akordioa ikertzen ari da, eta atzera botako duela uste du Montonek.

Erresuma Batuko egoeraren antzekoa Finlandian ere gertatzen ari dela zehaztu du Castejonek. 2005ean hasi ziren Olkiluoto 3 zentrala egiten, eta Areva eta Siemens enpresek jakinarazi dute ez dutela 2018ra arte martxan jarriko. «%200eko gainkostua pilatu dute dagoeneko; gobernuaren babesa izan ezean, zaila da halako inbertsio batean sartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.