Kanboko auzapezari sostengua adierazi zioten barda

Ehun bat lagun bildu ziren Kanboko Herriko Etxe aitzinean astearte arratsean, Kanboko auzapezari sostengua erakusteko. Aitzineko asteazkeneko herriko kontseilutik jalgitzeko bulkadan erori zen.

Christian Deveze, beste zenbait hautetsiz inguraturik, Kanbon, astearte arratseko elkarretaratzean. GUILLAUME FAUVEAU
Christian Deveze, beste zenbait hautetsiz inguraturik, Kanbon, astearte arratseko elkarretaratzean. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko apirilaren 17a
09:20
Entzun

Kanboko herriko kontseiluko gehiengoak deiturik, ehun bat lagun bildu ziren herriko etxearen aitzinean astearte arratsean, Christian Deveze auzapeza sostengatu asmoz eta hautetsiek Frantzian jasandako erasoen salatzeko.

Sostengua adierazi ziotenen artean agertu ziren Fabrice Rosay, Baionako suprefeta, Jean-Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Alain Sanz Pirinio Atlantikoetako auzapezen elkarteko lehendakari biarnesa eta beste zenbait auzapez, hala nola: Lapurditik Claude Olive (Angelu), Jean-Francois Hirigoien (Donibane Lohizune), Emmanuel Alzuri (Bidarte), Kotte Ezenarro (Hendaia) edo Alain Dubois (Makea). Devezek «kontsolatua eta hunkituta» zela erran zuen.

Iragan asteazkeneko Kanboko herriko kontseilura agertu ziren Marieneko laborantza lurretan eraikitze egitasmoaren kontrako laurogei bat laborari eta herritar. Bi orenez joare eta zoru gaineko makilakaden azantz artean egon ondoren, auzapezak bilkura gelditu zuen; gelatik ateratzerakoan, jendarme, protestari eta hautetsi arteko sorka bat gertatu zen, eta auzapeza lurrera erori.

Nahi Dugun Herria oposizioko taldeko hautetsiek, ELBk eta Lurzaindiak biharamunean adierazi zuten ez zela auzapezaren kontrako «erasorik ez irainik» izan, eta «oreka galdu» eta «erori» zela. Zenbait hautetsik Frantzian hautetsi batzuek jasan erasoekin egin duten «nahasketa» salatu zuten. Devezek berak aitortu du, geroztik, bultzada izan dela, baina ez dela batzuen eta besteen arteko aharrarik izan.

Peio Etxelekuk eta Jean-Francois Lacostak ere, Marieneko lurren auziaren ondorioz Devezen gehiengotik atera ziren Kanboko hautetsiek, adierazi zuten laborariek ez zutela izan bortizkeria xederik, eta Marieneko aferan kudeaketa lasaiago baterako deia egin dute, baita Euskal Elkargoko buru Etxegarairen bitartekaritza eskatu ere. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.