Tabernetan eta jatetxeetan bil daitezkeenen kopurua mugatu du Nafarroak

Koronabirusari kontra egiteko segurtasun neurri berriak hartuko dituela iragarri du Nafarroako Gobernuak. Bihartik aurrera izanen dira indarrean, eta ostalaritzarekin eta aisialdiarekin lotutakoak dira gehienak. Horrez gainera, gobernuak gogortu egin ditu neurriak betetzen ez dituztenen kontrako zigorrak.

Javier Remirez eta Santos Indurain, pandemiari buruzko prentsaurreko batean. JESúS DIGES, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 11
14:11
Entzun

Santos Indurain Osasun kontseilariak aditzera eman duenez, eguerditik aurrera mahai baten inguruan baizik ezin izanen da kontsumitu taberna eta jatetxeetan. Horrez gainera, gobernuak mugatu egin du mahai bakoitzeko egon daitekeen lagun kopurua: 6 pertsona biltzen ahalko dira gehienez, bai lokalaren barruan bai terrazetan.

Elkarte gastronomikoak eta peñak itxita izanen dira. Dena dela, salbuespen izanen dira 500 biztanletik beherako udalerrietakoak, baldin eta lokal hori bada herritarrek erabil dezaketen bakarra; kasu horietan, baimendua egonen da bertako jarduera.

Ezkontza eta bestelako ospakizun zibiletan ere neurri murriztaileak ezarriko dituzte. Horien kasuan, ordea, astelehenetik aurrera izanen dira neurriak indarrean. Lagun kopuruari eraginen die batik bat: ospakizuna egiten den lekuetan, erdira murriztuko da egon daitekeen pertsona kopurua. Gehienez, 50 pertsona biltzen ahalko dira espazio itxietan, eta 75, berriz, kalean.

Bestalde, Osasun kontseilariak gogora ekarri du debekatua dagoela kale zurrutean aritzea. Debeku hori bete dadin, dendetan ezin izanen da alkoholdun edaririk saldu gaueko hamarretatik aurrera, taberna eta jatetxeetan salbu.

Neurriak bete daitezen

Nafarroako Gobernuak gogortu eginen ditu ezarritako neurri murriztaileak betetzen ez dituztenen kontrako zigorrak, datorren asteazkenean parlamentuan onartuko den lege dekretu baten bidez.

Dekretu berria onartu ondotik, maskara erabiltzen ez dutenen kontrako zigorra 300 euro izanen da, gutxienez. Berriz, kale zurrutuean aritzen direnei 600 euro edo gehiagoko zigorra ezarriko zaie, Javier Remirez presidenteordeak adierazi duenez.

Nafarroako Foru Erkidegoan detektatutako koronabirus kasuen kopurua nabarmen igo da azken egunetan. Are, kasuek goia jo zuten atzo: 340 kasu positibo antzeman zituzten egun bakarrean. Gaur, pixka bat apaldu dira kasu berriak, baina kopurua handia da oraindik ere: 302 positibo detektatu dituzte azken 24 orduetan, eta 86 urteko gizonezko bat zendu da. Guztira, 2.559 PCR proba egin zituzten atzo Nafarroan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.