Erasoa

Tafallako alkatearen alabari ez ziotela arrazoi politikoengatik eraso ziurtatu du Ripak

Hiru pertsona inputatu dituzte astelehen goizaldean Tafallako alkate Maite Mañuren (PSN) alabari eraso egiteagatik. Nolanahi ere, eraso hori ez zutela arrazoi politikoek eragin ziurtatu du Vicente Ripa Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak. Astelehen gauean Tafallako (Nafarroa) Udaleko talde guztiek gaitzespen agiria onartu zuten, eta "amaren karguagatik" alaba jipoitzea salatu zuten.

2005eko abenduaren 30a
15:39
Entzun
Ripak prentsaurrekoan agertu duenez, alkatearen 18 urteko alabak salaketa jarri ondoren, Guardia Zibilak 14 lagun galdekatu ditu, eta haien deklarazioak entzunda ezin da inola ere ondorioztatu erasoak arrazoi politikoak izan zituenik. Aitzitik, jipoia "bestelako arrazoi hutsalek" eragin zutela agertu du.

Neska gaztea jo zutela eta, hiru pertsona daude inputatuta: hirurak 18 urtetik gorakoak eta Tafalla inguruko herrietakoak. Alkatearen alabak dituen zaurituen larritasunaren araberako delitu edo faltak egotziko zaizkiela erantsi du Ripak. Jaso zituen kolpeen ondorioz, Iruñeko erietxe batean artatu behar izan zuten neska gaztea.

Espainako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak "zuhurtzia" eskatu du halako gertakariak baloratzeko. Izan ere, astelehen arratsean Tafallako Udaleko alderdi guztiek gaitzespen agiria onartu zuten. Agiri horretan esaten zuten erasoaren arrazoia amaren kargu politikoa zela. "Udaleko kide garen heinean denok sentitzen gara erasotuak, daukagun karguaren ondorio diren ekintzetan inplikatzen baitituzte gure familiak", agertu zuten. Udaleko talde guztiek, PSN, UPN, IU-EB, Tafalla Berri eta EAk, bat egin zuten salaketarekin.

Erasoa astelehen goizaldean gertatu zen: alkatearen alaba taberna batean zegoen beste lagun batekin, eta aurpegian eta gorputzean jo zuten. Esan bezala, Iruñeko erietxe batean artatu behar izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.